ABA: Mundu digitalaren ikuspegi kritikoa lantzeko unitate didaktikoa

Esan ohi izaten da gaur egungo gazteak, mundu digitalean hazi arren, ez direla natibo digitalak. Izan ere, nahiz eta esku-artean, ia uneoro, pantaila bat izan, horrek ez du esan nahi teknologia horiei eusten dieten logika, eragina edo egiturak ulertzen dituztenik. Bereziki, korporazio teknologiko handiek sortutako tresnak erabiltzera daude ohituak. ABA proiektuaren bitartez, egoera honi buelta eman eta gazteen artean mundu digitalari buruzko ikuspegi kritikoa sustatu nahi izan dugu. Horretarako, TINC, Badalab, eta Talaioseko kideak elkartu gara proiektua garatu eta emaitza hau sortzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa medio.

ABA aisialdiko gazte taldeen artean lantzeko unitate didaktiko bat da. Unitate didaktiko hau sekuentzia didaktiko batean oinarritzen da, 4 jarduerez antolaturik dagoena. Jarduera horietako bakoitzean, gai bat lantzen da eta, azken ekoizpen bezala, mundu birtual bat osatzean datza. Sekuentzia didaktiko bakoitzak helburu zehatz eta aplikagarri bati erantzuten dio, eta jarduera bakoitzak zentzua du azken emaitza horren ikuspegitik. Ikasleek, modu aktiboan parte hartzeaz gain, zergatik ari diren horretan ulertzen dute, eta horrek beraien motibazioa eta ikaskuntza esanguratsua areagotzen ditu.

Materiala 4 edukien multzotan banatu da, eta multzo bakoitzean, gai nagusi bat landu da:

  • Lehenik, gazteen eta teknologiaren arteko harremanak aztertzen dira, kontsumo digitalaren ikuspegitik.
  • Ondoren, euskara eta hizkuntza digitalaren arteko lotura sakontzen da.
  • Hirugarren saioan, Digitalizazioaren inpaktua ekologian eta giza-eskubideetan lantzea, mugikor baten bizitza-zikloa deskribatzea eta mugikor baten osagaiak identifikatzea dira helburuak.
  • Laugarren saioan, etorkizuneko teknologiak eta sorkuntza kolektiboa jorratzen dira. Guztiaren helburua da gazteen ikuspegia eta sormena uztartzea.

Prozesu honetan zehar, Talaiosetik, arlo teknologiakoaren ikuspegi kritikoa txertatzen ahalegindu gara sortutako jarduera horietako bakoitzean, baita euskarri materialean metodologiari dagozkion zehaztapenak lantzea ere. Sortutako jardueren diseinuan eta materialen sorkuntzan kolaboratu dugu, baita lan honen exekuzioan ere. Kasu honetan, Lasarteko aisialdi taldearen kolaborazioa izan dugu, bertako gazteekin batera lan hau praktikan jarri ahal izateko. Prozesu guzti honen emaitza bezala, gazteengandik jasotako erantzunekin plataforma bat osatu da AGLAYAren laguntzaren bitartez.

Materiala eskuragarri dago edonork erabili ahal izateko, kontutan izanda hartzaileak bigarren hezkuntzako gazteak direla (13-15 urteko bitarteko gazteak). Unitate didaktikoa ondorengo estekan ere eskuragarri dago: https://drive.google.com/file/d/1yhk0_aSkJZGnUcHJGvPjxSyAnFrwBYPL/view