Lehen Posta Zuzena jaso duzu; gure ekimenen parte zarelako, komunitateko kide izateko interesa adierazi eta harpidetu zarelako, edo norbaitek mezu hau zuretzat interesgarri dela pentsatu eta zuzenean bidali dizulako. Beti kostatu zaigu jendartean Talaios Koop. zer den eta zer egiten dugun azaltzea, baita gure etxe eta harreman sare zuzenean ere, beti izan gara arraroak pentsamendu eta egiteko modu hegemonikoak gailentzen diren egunerokoan. Hori pixka bat konpontzeko asmoa du Posta Zuzenak, oraingoz hiruhilabeteko posta elektronikoko buletina izango da, gure komunitatearekin harreman zuzena izateko tresnen artean lehenengoa eta erreferentziazkoa izateko asmoa duena.
Garai hauetan, non, komunikazio tresna nagusien kontrola eta gure datuen jabetza galdu ditugun, tresnez birjabetu eta harreman onak josten jarraitu nahi dugu. Horretarako ezinbestekoa da konfiantza eta konpromiso partekatuak lantzea, eta bide horretan Posta Zuzenaren bidez gure ildo estrategikoa, erabiltzen ditugun ezinbesteko tresnak, egindako erreferentziazko lanak eta interkooperazio harremanak erakutsiko dizkizuegu. Elkarlanerako biluztuko gara.
Duela bi urte abiatu genuen Komunikazio Banatura bidea, testuingurua aurreikusi, eta sare sozial digital komertzialen sare toxikoan harrapatuta ez geratzeko asmoz. Ordutik, kakazte prozesua areagotzen ikusi, eta kooperatibaren azken Batzar Orokorretik abiatutako lanketa eta solasaldien ondoren, ildoa indartu eta pauso berriak ematea erabaki dugu. Gure bi ildo estrategiko uztartuko ditugu; Marketing Komunitarioa eta Komunikazio Zuzena. Honen lehen emaitza da Posta Zuzena. Komunitate eraldatzaile bat eraikitzeko epe luzeko bidean pauso bat.
Hiru hilabetero zure posta elektronikoan jasoko duzun buletina izango da. Ideia, lan, saretze eta ekitaldi estrategikoak komunitatearekin elkarbanatzeko tresna, eta momentuan momentuko gaien sorta edo monografiko estrategikoen forma hartuko du. Lehen ale honetan, komunikazio estrategia komunitarioa, Koop57 bezalako ezinbesteko mutualismo tresna saretua, eta zenbait proiektu azaleratzen dizkizuegu: Basajaun sukalde komunitarioa eta honentzat egindako kudeaketa tresna digitala, Tokikomekin batera garatutako Fedibertsoan murgiltzeko estrategia eta tresneria, eta Coop57 Fundazioaren kanpainak modu erraz eta eraginkorrean gauzatzeko auzolaguntza tresna. Etorriko dira bestelako gaiak ere, eta zuen behar eta interesek emango diote forma Posta Zuzenari.
Lehen eskaera zuri, informazio komunitate honetako kide zarenari: Zabaldu Posta Zuzena interesa izan dezaketen zure harremanei, irakurri dezaten, eta interesa badute harpidetu daitezen. Ikusiko duzuen bezala, komunitate honen garapenerako Tanit jainkosaren erreferentzia eta iruditegia garatuko dugu, estrategia banatuan Lawrenziarrak eta politeistak garelako, iturri askotatik edaten dugulako, jakintza eta ekimena kolektiboak izan daitezen. Autoeraketarako, datuen, teknologiaren eta lurraren jabetza kolektibizatzeko, komunikazio burujabe eta banatua posible egiteko, komunitate eraldatzailea josten eta zabaltzen jarraituko dugu elkarrekin. Ongi etorri eta mila esker konfiantzagatik.
Hurrengo solstizio eta ekinozioetan Posta Zuzenak aurkituko dituzu zure postontzian.