Zigarro elektronikoa edo ezig-a jendartean txertatzen ari da, eta teknologiako beste gailuekin gertatu bezala, bere sare sozialak sortzen ari da.
Orain arte, tabakoa uzteko beste bide bat zen, baina orain bere bide propioa jarraitzen ari dela dirudi. Mota askotakoak daude, Blu ezig markak, adibidez, teknologia gustatzen zaigunentzat bereziki deigarria den bat sortu du. Ezig-ak gordetzeko paketeak kargatzeko balio izateaz gain, gertu beste blu bat dagoenean bibratuz ere ohartarazten gaitu duen haririk gabeko konexioari esker.
Blu enpresa AEBetakoa da, baina gurean ere badira era honetako produktuak saltzera dedikatzen direnak. Denek kanpoko produktuak saltzen dituzte frankizia modura, esaterako, Puff.
Tabakoaren salmenta oso mugatua dago; ezig-ak, berriz, oraindik behintzat, erraztasun handiagoarekin sal daitezke. Hasieratik, haren funtzio nagusia tabako zigarroaren ordezko izatea izan da, eta oraindik ere bada. Horretarako, nikotina eta zaporeak nahasten zituzten likido edo olioak lurruntzeko erabiltzen zen. Lurrundu, eta ez erre, horixe baita ezberdintasun nagusia; ahotik ateratzen dena lurruna da, eta ez kea.
Orain, nikotinarik gabeko zapore ugari aurki daitezke, banilla, menda, coca-cola, kafea… Azken batean, esan daiteke hasieran ezig-a zigarroaren ordezko zela eta orain izaera propioa duen kontsumo bektore bihurtu dela. Horixe da berritasuna; aldaketa teknologiko batek erretzearen ohitura aldatuko zuela promestuz, bide berri bat ireki du. Zaporeez gain, eragin lasaigarriak, kitzikagarriak, sendagarriak eta abar lortzen dituzten olioak izango ditugu laster. Negozio aukera handiak enpresentzat, baita norbanakoek artisau eran olio propioak egiteko aukerak ere.
Hala ere, dena kolokan dago oraindik. Legislazio propiorik gabe eta osasun aldetik ikerketen faltan, edozein berrikuntza sozioteknologikori gertatzen zaion bezala aurretik doalako. Legedia etorriko da, eta osasunaren alorrean ikerketa definitiborik gabe ezin ezer esan, baina tabakoa baino osasuntsuagoa dela diote askok jada. Osasun arazoren bat ekarriko balu, seguruenik arazoa ez litzateke teknologikoa izango, baizik eta erabiltzen diren olioena eta erabilpenarena. Noski, tabako industria erraldoiak mugak jarri nahiko dizkio, baina beharbada berandu da horientzako ere.
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:
[related_posts limit=”4″ image=”100″]