Noizean behin webguneko estatistikei begirada bat botatzeko ohitura dut. Gaurkoan sakelakoekin lotutako bisitak zelatatzeko izan da. Datuen arabera, nire webguneko bisitarien %20 inguru sakelakotik sartzen da webgunera. Datu horretan sakontzen hasi eta sakelako horien sistema eragilea eta gailuak zein diren begiratzea erabaki dut. Gailuen aldetik, lehen postuan iPhonea aurkitu dut garaile absolutu moduan. Gero beste gailu asko, Samsung, LG, Sony… estatistika orriak eta orriak, portzentaje oso baxuekin.
Sistema eragileari begiratuz, aldiz, Android da sistema eragileetan garaile erabatekoa, trafiko osoaren (ez bakarrik sakelakoen) %16rekin. Harrigarria dirudi, ezta? Gailuen merkatua kontrolatuta ere, Applek ezin izan du sakelakoen esparrua erabat menderatu.
Berehala etorri zait burura orduan Twitterreko geokokatutako mezuak baliatuz egindako sistema eragile mugikorren mapa bat (https://www.mapbox.com/labs/twitter-gnip/brands/). Mapa horretan argi ikusten da iPhone herrialde eta inguru aberatsagoetan erabili ohi dela. Android aldiz, baliabide gutxiagoko inguruetan zabaldu da gehien.
Zer esan nahi du jende askok iPhone eta gisako azken teknologiara atzipenik ez izateak? Alternatibarik ez dagoen kasuetan ezberdintasun sozialen areagotzea ekarri ohi du. Kasu honetan, Androidi esker, software libreari esker alegia, esan dezakegu jende askok iPhonearekin eskuratuko lukeena (edo hobea) lortzeko aukera izan duela.
Oraindik ere smarthphone bat lortzerik izan ez duen jende asko dago munduan, baina gero eta eskuragarriagoak dira; beste teknologia asko baino azkarrago iritsi dira leku askotara. Firefox OS sistema eragile berriak hori baliatuko du hedapena lortzeko. Sistema eragilea eta aplikazio biltegia ere libre eginez bere sistema erabiliko duten sakelako sinple eta merkeak atera nahi ditu.
Ez al da argia? Software eta ezagutza libreak desberdintasunak areagotzearen kontrako indar bat direla. Aurreko batean gertuko hedabide bat irakurtzen ari nintzela, etorkin gehien jasotzen zuten eskolak eta hezkuntza emaitza txarrak lotzen zituzten. Argi zegoen, eskolen kokalekuko egoera sozial zailak etorkin kopurua baino eragin gehiago zuela, baina horretaz ez ziren konturatu (nahi izan). Horretarako ere «sistema eragile» librerik lortuko bagenu…
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]