Komunitateez

"Basque plaque in Boise, Idaho". Licensed under Public Domain via Wikimedia Commons - http://commons.wikimedia.org/wiki/File:Basque_plaque_in_Boise,_Idaho.JPG#mediaviewer/File:Basque_plaque_in_Boise,_Idaho.JPG
“Basque plaque in Boise, Idaho”. Licensed under Public Domain via Wikimedia Commons – http://commons.wikimedia.org/wiki/File:Basque_plaque_in_Boise,_Idaho.JPG#mediaviewer/File:Basque_plaque_in_Boise,_Idaho.JPG

Komunitateak ez dira berriak, nahiz eta dirudien denerako erabil genezakeen zerbait. Gure kulturan komunitate baino gehiago beste hitz batzuk erabili izan ditugu gauza bera adierazteko, eta oraindik egunero agertzen da zer garen, nor garen, norekin garen, nola garen eztabaida.

Komunitateen aniztasuna handia da, eta handiagoa beharbada Internet bidez aurreikusi (edo aurrepentsatu) ezin ditugunak. Horietako asko eta bakoitzak beren barnean kultura, hizkera, identitate… berezitu bat partekatzen dute. Etengabe elkarrekintzan egoteak, foroetan, sare sozialetan… horrek egiten ditu komunitate.

Eztabaida eta talkak ere sortzen dira, noski; asko eta ezagunak daude. Azkenetariko bat aipatzearren, GamerGate delakoa. Jokoen munduan dabilen jendearen liskarra, garatzaile eta kazetari espezializatuen arteko partzialtasun salaketak direla eta hasi zen kritika zurrunbiloa. Garatzaile, kritiko eta emakumeen aurkako eraso eta liskarretan bukatzen ari dena. Benetan aztertzeko fenomeno beldurgarria, izaten ari den ondorioengatik.

Komunitateen inguruko azken eztabaida interesgarrienetako bat Reddit atariaren bueltan izaten ari da. Bere sortzaileek edukia sortzen eta komunitatean parte hartzen dutenekin partekatu nahi du enpresaren jabetza. Hau da, balioa sortzen dutenak zein diren kontuan hartzea du helburu, eta horiek saritu. Bestela onurak enpresaren jabe edo finantzaketa jarri dutenek jasotzen dute bakarrik.

Kontuz, baina, tresna baten erabilera komunitate batekin nahasten dugu askotan. Reddit erabiltzen dutenek ez dute komunitate bat osatzen, Reddit-en etengabe besteekin elkarrekintzan dabiltzanak dira komunitatea. Hori gertatzen da taberna, ikastola edo elkarte batean…

Reddit-ek proposamenarekin eztabaida interesgarria planteatzen du? Posible litzateke komunitate horietako partaideak erabakietan eta «jabetzan» parte hartzera eramatea? Bihur daitezke komunitate horiek beraien etorkizuna erabakitzeko ahalmena duten egitura autonomo, jaio diren enpresa proiektutik harago? Eztabaida interesgarriak, eta ez bakarrik Interneten, komunitateak sortzearen beharraz aritzeko; Malcolm Gladwell-ek orain dela gutxi esan bezala: «Beldurraren aurkako armarik boteretsuena komunitatea da».

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]