Apple pay sintoma

By Original logo by Apple Inc., vectorized by EuroCarGT (http://www.apple.com/apple-pay/) [Public domain], via Wikimedia Commons
By Original logo by Apple Inc., vectorized by EuroCarGT (http://www.apple.com/apple-pay/) [Public domain], via Wikimedia Commons
Applelek bere ohiko propaganda eta oihartzun mediatikoa tarteko, zaharregiak eta garestiegiak diruditen iPhone-ak aurkeztu ditu. Horrekin batera, era xumeago batean aurkeztu bada ere, Apple Pay ere aurkeztu dute. Keditu txartelak desagerrarazteko promesa hau, gerra berri baten sintoma besterik ez da.

Ez da bakarra, ezta hoberena ere. VISA eta Master Card enpresak aspaldi dabiltza mugikorreko NFC teknologia ordainketa sistema bezala erabili nahiean. Oraindik zabaldu ez bada ere, laster era honetako ordainketak erraz egin ahal izango ditugu. Teknologia bera erabiltzen du Applek bere iPhone 6ean, baina bere ordainketa sistemara mugatuz.

Orain dela gutxi arte, finantza erakunde handi hauek ziren diru mugimenduen bitartekari bakarrak, Internetekin Paypal bezalako enpresak jaio ziren arte. Posta kontu bat eta kontu korronte edota kreditu txartel bat lotzen ditu honek. Orain mugikor aplikazioen bidezko ordainketa du helburu berri.

Ohiko bankuek ere, mugikorren bidezko ordainketan ere sartu nahiko dute eta beraien proposamenak egiten ari dira. Iupay.es bezalako kreditu txartelak aplikazio baten bidez kudeatzeko aplikazioa gertuko adibide kaxkar bat besterik ez da, nahiz eta atzean banku garrantzitsuak egon.

Interneteko handiak ere borroka antzekoan sartu nahi dute aspaldi. Googlelek GMail bidezko ordainketak onartuko ditu, posta elektronikoan fitxategiak gehitu bezala, dirua gehitzeko aukerarekin. Twitterrek ere txio bidezko ordainketak martxan jarri nahi ditu. Gure inpultsoak diru bilakatu nahi dituzte.

Hori bai, Internetek agente berriak agertzeko aukera ere ematen du. Horrela jaiotzen ari dira zuzenean mugikor aplikazioen bidez pertsonen arteko ordainketak egiteko tresnak ere: Venmo.com eta Square.com horietako bi.

Jokalari bat gehiago dago, hauekin zerikusirik ez duena, baina finantza sisteman zalaparta sortu dezakeena, BitCoin. Moneta digital honek beharbada bere kaxa ez du lortuko arrakastarik, baina erabiltzen duen P2P bidezko eskema kriptografikoak aukera asko eskaintzen ditu. Ez bakarrik dirua elkartrukatzeko, bai beste gauza askotarako modelo bezala ere. Jaio zenean, arreta asko jaso zuen, gehiegi beharbada.

Orain aldiz, badira eredua behintzat serio ikertzen ari direnak, azkena Ingalaterrako banku zentrala.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]