BakalHau Mitotik abiatuta Talaios Kooperatiba sortu genuen duela 13 urte; gure komunitatea, eguneroko behar materialak eta sarea itsas-norantza berdinean kokatuz. Beharrezkoa iruditu zaigu interneten sakontasunetan galduta zegoen mitoa berreskuratzea eta datozen urteetarako iparrorratz bezala erabiltzea.
BakalHau Mitoa
Bacalhau XVI. mendeko mapetan agertzen den irla misteriotsu bat da. Izen ezberdinak hartu izan ditu (Bacalao, Bachalaos, Bacalhaos, Baccalieu, Baccalar). Izena 1508. urtean aipatu zuen Joao Vaz Corte-Real itsasgizon portugesak. Aurretik ere zenbait testigantza omen dago. Euskal arrantzaleak Terranovara joaten ziren XV. mendean, beharbada horrek izenaren arrazoia azal dezake. Irla mapetan agertzen bazen ere, ez dakigu gaur egun benetakoa zen edo ez. Euskaldunak bakailuta zihoazenean bertan lur hartzen zuten irla txiki bat izan zitekeen. Nahiko argi dagoena da euskaldunek hitz hori munduan zabaltzeko aukera izan zutela, bere forma ezberdinetan bacallaos, bacalaos, bacallau, bacailo, bacalau, bacalhau.
Euskaldunak denbora batean munduan euskaldun globalak izan ginen. Munduan gure kutsua uzteko gai izan ginen. Besteekin komunikatzeko gure Pidgin-ak sortzeko gaitasuna izan genuen.
Orain, nahiago dugu globalizazioaren parte izan ingelesa erabiliz; Basque Exhibition Center (BEC), Basque Culinary Center, Basque Team… Baina, globalizazioaren parte izateko izena ez da garrantzitsua, ekitea da garrantzitsua. Izenak ez du izana egiten, ekintzek egingo dute leku bat, jarduera bat, talde bat interes globalekoa. Gainera euskarazko izena erabiliz behintzat, munduan testigantza bat geldituko litzateke.
“Ez duzu ingelesa erabili nahi, autista globala izan nahi duzu?”, EZ. Ingelesa eta beste hizkuntza batzuk erabili behar ditugu, noski. Besteekin komunikatzeko gaitasuna ematen dituzten hizkuntza guztiak baliatu behar ditugu. Barnean lanak egiteko euskara erabiliko nuke, baita kanpoko gauza interesgarriak gurean zabaltzeko ere. Nire lana komunikatu edo ezagutarazi nahiko banitu ere euskaraz egingo nituzke eta ondoren oso gertuko diren gaztelerako eta frantseseko hizkuntz komunitate interesgarriekin elkartrukatuko nituzke. Mundura zabaltzeko ahal dudan hizkuntza guztiak erabiliko nituzke. Euskaratik hasita, gaztelera, frantsesa eta noski ingelesa erabiliz. Baina, ez dut arrazoi bakar bat ere ikusten anglofilia orokor honentzat. Batez ere, inguruan ditugun hizkuntzak kontutan hartuta, beharbada ekonomikoki ere zentzu gehiago duela hortik hastea.
Pidgin-aren adibidea oso interesgarria da. Euskaldun eta Islandiarrek beraien artean egindako metahizkuntza honek euskaldunei merkataritzan haritzeko aukera eman zien. Beharbada beharrak bultzatu zituen euskaldun horiek, baina irudimena erabili behar izan zuten. Gaur egun, seguruenik aurretik ikerketa bat egin, ondoren hizkuntza ikasi, sede bat ireki eta tratuan hasteko prest egongo ginateke. Beti ere tratua egiten duzun horrek markatutako parametroetan. Hala ere, hau ulergarria da oso, normala eta gainera jasotzen zaituen kulturarekiko errespetua adierazten du. Normala, komenigarria eta ulergarria ez dena hau bera hartzaile garenean egitea da. Zuzenean automatikoki ingelesa erabiltzeak ez du zentzu handiegirik eta askotan egiten dugu.
Gai honekin lotuta euskara+gaztelera, euskara+frantsesa, euskara+X sortzen hasi diren pidgin metropolitanoen beldurra aipatu nahiko nuke. ETB eta hedabide tradizionalek bere fikziozko telesailetan errealitate hau ezkutatu nahi dute. Noiz ikusiko dugu gure hedabideetan kaleko benetako hizkerak erakusten duen programarik. Gauza bat da euskararen zuzentasuna mantendu behar izatea eta horretarako baditugu mila bide, baina errealitatea islatzea ere hedabide hauen lana dela uste dut. Pidgin hauen sorrera hizkuntza bizi baten adierazleak dira, besterik ez.
Inorrek ez dezala ulertu hau euskara hizkuntz bakar moduan erabiltzeko ideiarekin. Euskara ahal dugun guztia erabili behar dugu, idatzi, sortu, hitz egin, ekin… Guk egiten ez badugu zenek egingo du? Baina, inguruan ditugun beste hizkuntzekin ere erlazioa dugu eta kasu askotan erabili beharko ditugu. Jakin beharko dugu, noiz, nola eta zein modutan erabili, baina hor kanpoan gauza interesgarri asko dago.
Hizkuntz komunitateen arteko loturak ere behar ditugu. Adibide bat: niretzat Euskal Herrian egiten den Interneteko ekimen interesgarrienak (ez guztiak noski) euskaraz sortzen dira. Askotan lehenak izaten gara gauza askotan, baina gaztelerako komunitateak ez gaitu ezagutzen eta ezagutzen gaituztenean nahiko harrituak gelditzen dira batzuetan. Zubiak sortu behar ditugu.
Mezu hau irla batekin hasi da. Irla misteriotsu bat inon aurkitzen ez den irla bat, baina benetako dena. Ikusezina dena, baina benetako zantzuak uzten dituena. Globalizazioa ez zegoenean, globalizazioaren zantzuak erakusten dizkiguna. BacalHau gaur egun, euskaldunen sorkuntza konplexurik zabaltzeko toki horiek izan daitezke. Euskara erabiltzen den tokia, baina pidgin eta ezagutzen ditugun beste hizkuntzak erabiltzeko lotsarik ez dugun lekua. Beste komunitateekin sare logikaren bidez zubiak eraikitzeko beldurrik ez dugun momentua. Inon ez dagoenean, baina gutako bakoitzak bere barnean daramana. Inoiz hondoratuko ez den Atlantida bakoitzak bere barnean daramalako. Baina…
BacalHauen zaudela jakiteko beharrezkoa da dakizun hori, sortzen duzun hori besteekin banatzea. Besteekin banatzean bakarrik, komunitatean egiten duzun ekarpenagatik eta besteengandik jasotako erantzunengatik jakingo duzu BacalHau irla batean zaudela. Lasai, berehala jakingo duzu.
Ez dago maparik, denon artean berregin behar ditugu karta nautiko guztiak. Baina, orain karta nautikoak baino sare diagramak izango dira.
BacalHau (H ahoskatuz BacalJau)
Goiburua: Sortu, eraldatu eta elkarbanatu
Sinboloa: ł (AltGr+W) -> BacalHau irlaren perfil imaginarioa. Sarean hainbeste erabiltzen den W (WWW, Web…) teklaren karaktere ezkutua.

Ikurra: Sarean murgilduta ikusten da sinboloa. Sarean murgilduta gauden nodoak garela azpimarratuz, baina denak erlazionaturik gaudela adieraziz. BacalHau hitzan ere ł sinboloa ikus daiteke.


Hizkuntza: Euskara globala -> Euskara ahal dugun guztietan erabili behar dugu, idatzi, sortu, hitz egin, ekin… Baina, inguruan ditugun beste hizkuntzak erabiltzeko konplexurik gabe. Lehenengo euskara erabili eta besteren bat erabili behar dugunean erabili. Pidgin-ek ez digute beldurrik ematen, gustatzen zaizkigu.
Kokapena: Edozein tokitan eta inon ez. BacalHauen zaudela jakiteko beharrezkoa da dakizun hori, sortzen duzun hori besteekin banatzea. Komunitatean egiten duzun ekarpenagatik eta besteengandik jasotako erantzunengatik jakingo duzu BacalHauen zaudela. Toki bat baino momentu bat da BacalHau.
Biztanleria: BacalHautar sentitzen diren pertsonen erroldarik ez da egingo. Sinboloa eta ikurra eramateak ez du norbait BacalHautar egiten, baina identifikatzeko balio dezake. BacalHautar identitatean barneratzeko behintzat beste bacalahutar batekin egon behar izan duzu, sentimendua benetan gauzatu ahal izateko.
Dirua: Trukean, P2P eta sareen logikan oinarritutakoa izanik ez dago moneta bakarrik. Moneta, badok13a, bere balioa guztiz sinbolikoa.

Ereserkia
abesti herritarraren doinuarekin.
Bada irla ikusezin bat, baina izan bada
agian konturatu gabe, bertan bizi zara
sortutakoa banatzea bada zure arau
ongi etorri zure-etxera, hauxe da BacalHau.
kolpe-kolpe-kolpeka sareak josi, sareak josi
kolpe kolpe kolpeka josi ta josi zubiz zubi
kolpe-kolpe-kolpeka sareak josi, sareak josi
kolpe kolpe kolpeka josi ta josi zubiz zubi
Haria, beste hizkuntzetara
orratza, zast, zubi gisara.
Haria, euskararena bada
orratza, zast, izango gara.
kolpe-kolpe-kolpeka sareak josi, sareak josi
kolpe kolpe kolpeka josi ta josi zubiz zubi
kolpe-kolpe-kolpeka sareak josi, sareak josi
kolpe kolpe kolpeka josi ta josi zubiz zubi
Eraiki ditzagun zubiak guretik mundura
mundua bihurtu dezagun txikien batura
Zuk eman hori, berak hura ta nire kontu hau
elkarbanatuta bihurtu gaitezen BacalHau.
kolpe-kolpe-kolpeka sareak josi, sareak josi
kolpe kolpe kolpeka josi ta josi zubiz zubi
kolpe-kolpe-kolpeka sareak josi, sareak josi
kolpe kolpe kolpeka josi ta josi zubiz zubi
Abestia
Letra: Imanol Epelde “27zapata”, (Joxemari zapatalari kantuaren moldaketa)