Errealitate Alternatiboko Jokoak

ingress2
Iturria: http://www.redferret.net/wp-content/uploads/2013/05/ingress2.jpg

ARG Alternate Reality Game esaten zaio ingelesez. Errealitatearen gainean beste narratiba posible bat lantzen dute, batzuetan paraleloa, beste batzuetan areagotua, baina istorio eta unibertso propio batean murgilduta. Ingress da horietako bat.

Googleren Android sakelako telefonoetarako beste esperimentuetako bat da Ingress. Jokoan, ikertzaile europar batzuek energia mota berri bat aurkitu berri dute. Energia horrek giza adimena kontrolatzeko aukera ematen duela uste dute. Batzuek energia berri hori gizakia beste maila batera igarotzeko erabili nahi dute; beste batzuek, aldiz, energia hori gelditzen den gizatasuna zaintzeko helburuarekin erabili nahiko dute.

Jokoaren inguruko unibertsoa askoz ere handiagoa da: liburuak, foroak, informazio berezia ematen duten atariak, bideoak…. Transmedia ikerketa baterako aproposa.

Jokoaren mekanikara bueltatuz, energia hori filtratzen duten atariak elementu garrantzitsuak dira jokoan. Atari horiek ez dira kasualitatez sortzen, herri eta hirietako leku berezietan kokatuak daude. Bi taldeen arteko lehia eta talde barnekoen arteko kooperazioan, atari horiek kontrolatu, eremuak eraiki eta babestu behar dira. Garrantzitsuena, hori egin ahal izateko, ez du balio etxean gelditzea, leku horietara joan beharko duzu.

Batzuentzat erokeria izan badaiteke ere, joko hauen bidez beste gauza batzuk ere lortzen dira: lekuak ezagutzea, gehiago ibiltzea, jendea ezagutzea… Ondorio negatiboak ere ekar ditzake, noski, baina neurria hartuta konturatzen zara joko hutsa baino gehiago direla.

Era honetako jokoek, turismoaren ikuspuntutik adibidez, aplikazio zuzena izan dezakete. Joko bat ez bada ere, Conectur Android aplikazioak badu joko antzeko dinamika bat ere. Aplikazioak, oraingoz, Donostia aldeko leku interesgarriak ezagutzeko aukera ematen du, eta Groseko, Uliako eta Pasaiako badiako ibilbideak proposatzen ditu. Lekuetako informazioa eskuratzeko leku horietara iritsi beharko duzu.

Jokoak joko, pertsona askoren geokokatutako informazioa, ibilbideak, elkarrekintzak eta ekintzek balio handia dute. Batzuek Big Data deitzen diote. Kontrolatzen duenak etorkizuna ezagutu eta modelatzeko ahalmena izango du. Hori bai, benetako «energia mota» berria.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]