Inoiz baino banatuago, inoiz baino batuago

Hasiera banatu bat 

Kontua ez da zer desirek definitzen nauten, baizik eta besteekin zer egitera edo bizi nahi izatera irits naitekeen. Kanpokotasun-potentzial hori edo, beste era batera esanda, arrotzarekiko pasio hori da adiskidetasunaren arazoa, eta ez du erantzun edo programa posible bakarra. 

Marina Garcés

Lur azpiko lanak fruituak eman ditu, eta fruitu horiek oraindik lur azpiko lan gehiago ekarri digute. Batzuk lurretik gora ere ikusten hasi dira, beste asko oraindik ere zabalagoa den errizoma elikatu dute. Guk besteekin interdependentzian sortutako Funga hori da gure lanerako oinarria.

Sare banatuak antolaketa eta eraldaketarako bidea direla sinistu dugu beti, aurretik eredu emantzipatzaileak pentsatzean eta aurten sare sozial libreaksustatzeaz ez ezik, interkooperazio harremanak eta elkarlana inoiz baino gehiago zabaldu ditugunean. Izan ere, emantzipazio pertsonal eta kolektiborako, gure bizitzak hobetzeko, ezinbestekoa da autonomia, zaintzan oinarritua, eta horretarako antolaketa eredu banatuak garatu behar ditugu. Batzea indartsuagoa izango da horrela. Eta zer egin dugu guk ildo honetan?

Askok dakizuen bezala, azken 13 urteetan izen luzea izan du gure kooperatibak, Talaios Ahalduntzean Oinarritutako Sareak Koop. Elkartea, burokraziaren kontuak… Hala ere guk jolas ezkutua ere egin genuen orduan, izen luzean ezkutuko akronimoa gorde eta erakutsiz, TAOS, ez zen kasualitatea izan. Azken urtean berriz, kooperatibaren estatutuak aldatu, kooperatiba txikia izateari utzi, eta izena aldatu dugu. Hemendik aurrera Talaios Koop. S. gara. Talaios, barrura begira eta juridikoki hobeto antolatutako kooperatiba bat.

Taosaren behelainoa altxata eta babes-irla dugun kooperatiba, konstelazio bat, irlen sarea izatera iritsi den urtea ere bada. Garapena, aholkularitza, formazioa edo gure lema historikoa Sortu – Eraldatu – Elkarbanatu alor guztietan inoizko elkarlan handienak jarri ditugu martxan. Formazio alorrean EHU, MU, UEU unibertsitateekin dugu harremana orain. Bide batez urteetan bidelagun izan dugun Lanki ikertegiari zorionak bere 25. urteurrenean, etorkizunean ere bidelagun izateko gure konpromisoa berretsi eta ospatu nahi dugu. Aunitz urtez! 

Garapenean TEKS sarearen parte izateaz gain, Coopdevs kooperatibarekin harremanak sakondu ditugu Odoo garapenean. Bide batez Basajaun dugu, esperoz hemendik aurrera sukalde komunitario gehiagok erabiltzeko aukera izatea. Bestetik, Coop57 finantza etiko erakundearekin batera Summun sortu dugu, dirua biltzeko tresna honek miloika euro bildu eta proiektu eraldatzaileetara bideratzea lortu du aurten; oso pozik gaude.

Aholkularitzan, proiektu kolektibo eraldatzaileak laguntzen jarraitu dugu eta zorionez Aginako Biziberritzen Herri Kooperatiba jaiotzen ikusi dugu aurten. Pauso erraldoi bat ere eman dugu, Olatukoop sareko zenbait kidek proiektu publiko-kooperatibo-komunitarioak sustatzeko EkintzaKoop bigarren mailako kooperatiba ere sortu dugu Lakari eta TaPuntu kooperatibekin indarrak batuz. Ezagutzaren, kulturaren eta hizkuntzaren esparruan aliantzak sakondu ditugun urtea ere izan da. Jakinekin hainbat kolaborazio, udako ikastaro eta jardunaldi antolatu ditugu. Beraiei promes egin nahi diegu Joxe Azurmendiren legatuan sakondu eta bere ildoa berritzeko lan egingo dugula; gugan bego!

Ezinbesteko beste aliatu bat Badalab izan da, arlo teknologikoan, baina baita ezagutzaren sorkuntzan, elkarrekin jardunaldi, hitzaldi eta ekimen ezberdinak gauzatu ditugu. Asko dira, eta Bi bakarrik aipatzearren EWKErekin batera sortzen ari garen Wikikasi proiektuarekin digitalitate kritikoa lantzeko ikas-egoerak eta bestetik Marina Garcés gurera ekartzeko, Jakin, Kontseilua eta Teks esfortzuak batuta egin dugun bira. Aurrerantzean ere aliantza oparo honetan sakontzen jarraitu nah dugu, baita Torrekua espazioarekin batera sortu daitezkeen ekimenak eginez.

Harreman sareak sortu, zaindu eta indartzea da gure lan handienetakoa, eraginkorrena ere gure ustez, baina denbora eta pazientzia estrategikoa eskatzen duena, momentuko errentagarritasunaren ikuspegi sinplistatik haratago, erresilientzia eta eraldaketarako gaitasuna ematen diguna. Urte hauetan eraikitako harreman errizomatiko horietatik, garai ilunetan bizi garela jakitun, faxismo berrien eta autoritarismo teknopolitikoaren aurrean, erresistentziarako tresnak eta bizitza on kolektibo onak denontzat eraikitzeko proiektu esperantzagarri baina barbaroak sortzen jarraituko dugu. Berriro, eguzkia beti garaile delako!