Posta Zuzena 002

Inoiz baino banatuago, inoiz baino batuago

Hasiera banatu bat Kontua ez da zer desirek definitzen nauten, baizik eta besteekin zer egitera edo bizi nahi izatera irits naitekeen. Kanpokotasun-potentzial hori edo, beste era batera esanda, arrotzarekiko pasio hori da adiskidetasunaren arazoa, eta ez du erantzun edo programa posible bakarra. Marina Garcés

Lur azpiko lanak fruituak eman ditu, eta fruitu horiek oraindik lur azpiko lan gehiago ekarri digute. Batzuk lurretik gora ere ikusten hasi dira, beste asko oraindik ere zabalagoa den errizoma elikatu dute. Guk besteekin interdependentzian sortutako Funga hori da gure lanerako oinarria.

Sare banatuak antolaketa eta eraldaketarako bidea direla sinistu dugu beti, aurretik eredu emantzipatzaileak pentsatzean eta aurten sare sozial libreaksustatzeaz ez ezik, interkooperazio harremanak eta elkarlana inoiz baino gehiago zabaldu ditugunean. Izan ere, emantzipazio pertsonal eta kolektiborako, gure bizitzak hobetzeko, ezinbestekoa da autonomia, zaintzan oinarritua, eta horretarako antolaketa eredu banatuak garatu behar ditugu. Batzea indartsuagoa izango da horrela. Eta zer egin dugu guk ildo honetan?

Askok dakizuen bezala, azken 13 urteetan izen luzea izan du gure kooperatibak, Talaios Ahalduntzean Oinarritutako Sareak Koop. Elkartea, burokraziaren kontuak… Hala ere guk jolas ezkutua ere egin genuen orduan, izen luzean ezkutuko akronimoa gorde eta erakutsiz, TAOS, ez zen kasualitatea izan. Azken urtean berriz, kooperatibaren estatutuak aldatu, kooperatiba txikia izateari utzi, eta izena aldatu dugu. Hemendik aurrera Talaios Koop. S. gara. Talaios, barrura begira eta juridikoki hobeto antolatutako kooperatiba bat.

Taosaren behelainoa altxata eta babes-irla dugun kooperatiba, konstelazio bat, irlen sarea izatera iritsi den urtea ere bada. Garapena, aholkularitza, formazioa edo gure lema historikoa Sortu – Eraldatu – Elkarbanatu alor guztietan inoizko elkarlan handienak jarri ditugu martxan. Formazio alorrean EHU, MU, UEU unibertsitateekin dugu harremana orain. Bide batez urteetan bidelagun izan dugun Lanki ikertegiari zorionak bere 25. urteurrenean, etorkizunean ere bidelagun izateko gure konpromisoa berretsi eta ospatu nahi dugu. Aunitz urtez!

Garapenean TEKS sarearen parte izateaz gain, Coopdevs kooperatibarekin harremanak sakondu ditugu Odoo garapenean. Bide batez Basajaun dugu, esperoz hemendik aurrera sukalde komunitario gehiagok erabiltzeko aukera izatea. Bestetik, Coop57 finantza etiko erakundearekin batera Summun sortu dugu, dirua biltzeko tresna honek miloika euro bildu eta proiektu eraldatzaileetara bideratzea lortu du aurten; oso pozik gaude.

Aholkularitzan, proiektu kolektibo eraldatzaileak laguntzen jarraitu dugu eta zorionez Aginako Biziberritzen Herri Kooperatiba jaiotzen ikusi dugu aurten. Pauso erraldoi bat ere eman dugu, Olatukoop sareko zenbait kidek proiektu publiko-kooperatibo-komunitarioak sustatzeko EkintzaKoop bigarren mailako kooperatiba ere sortu dugu Lakari eta TaPuntu kooperatibekin indarrak batuz.

Ezagutzaren, kulturaren eta hizkuntzaren esparruan aliantzak sakondu ditugun urtea ere izan da. Jakinekin hainbat kolaborazio, udako ikastaro eta jardunaldi antolatu ditugu. Beraiei promes egin nahi diegu Joxe Azurmendiren legatuan sakondu eta bere ildoa berritzeko lan egingo dugula; gugan bego!

Ezinbesteko beste aliatu bat Badalab izan da, arlo teknologikoan, baina baita ezagutzaren sorkuntzan, elkarrekin jardunaldi, hitzaldi eta ekimen ezberdinak gauzatu ditugu. Asko dira, eta Bi bakarrik aipatzearren EWKErekin batera sortzen ari garen Wikikasi proiektuarekin digitalitate kritikoa lantzeko ikas-egoerak eta bestetik Marina Garcés gurera ekartzeko, Jakin, Kontseilua eta Teks esfortzuak batuta egin dugun bira. Aurrerantzean ere aliantza oparo honetan sakontzen jarraitu nah dugu, baita Torrekua espazioarekin batera sortu daitezkeen ekimenak eginez.

Harreman sareak sortu, zaindu eta indartzea da gure lan handienetakoa, eraginkorrena ere gure ustez, baina denbora eta pazientzia estrategikoa eskatzen duena, momentuko errentagarritasunaren ikuspegi sinplistatik haratago, erresilientzia eta eraldaketarako gaitasuna ematen diguna. Urte hauetan eraikitako harreman errizomatiko horietatik, garai ilunetan bizi garela jakitun, faxismo berrien eta autoritarismo teknopolitikoaren aurrean, erresistentziarako tresnak eta bizitza on kolektibo onak denontzat eraikitzeko proiektu esperantzagarri baina barbaroak sortzen jarraituko dugu. Berriro, eguzkia beti garaile delako!

Lanak

Aktibitate dibertsifikatua daukagu Talaios kooperatiban, eta aurreko Posta Zuzenean bereziki software garapeneko proiektuak ekarri bagenituen ere, aldi honetan formazioa, aholkularitza eta ezagutza dira lanen ardatza. Askotan esaten diguzue ez dakizuela zehazki Talaios zer den eta zer egiten duen. Hemen hiru adibide praktiko, baina erantzun orokor batekin, Talaios kooperatiba egiten ditugun proiektuek definitzen dute!

Ekindar Azpeitian azpeitiarrentzat energia berriztagarria ekoizteko sortutako kooperatiba da, Ekiola ereduan garatua. Lehen ekoizpen instalazioak martxan, kooperatibaren xedea, izaera komunitarioa, herriko beharrekin harremana eta etorkizuneko proiektu estrategikoen ibilbidea lantzeko elkarlanean aritu gara. Estrategia marrazteko beharrari erantzunez, Bide-orri Estrategikoa landu dugu, kooperatibak erabakiak hartu eta bidea egiteko tresna. 

Horretarako lan hauek egin ditugu:

  • Kooperatibaren xedea berrikusi eta modu komunitarioan landu.
  • Egitekoak lurraldearen eta bazkide komunitatearen beharretara egokitu.
  • Proiektu berriak identifikatu eta lehenetsi.
  • Datozen urteetarako ekintza plana eta baliabide beharrak landu.
  • Antolaketa egitura behar eta gaitasunetara egokitu.
  • Kontseilu errektorearen erabakiak dinamizatu eta bazkideekin mintegi zabalak antolatu.
  • Bide-orria idatzi eta adostu.

Bide-orriak pentsatu, eranbaki eta martxan jartzea da, estrategia kooperatiboaren arloan egiten dugun lan zerbitzu proposamenetako bat.

Wikipedia proiektua, gaur egun, Internet munduan modu kolaboratiboan garatzen den proiektu handienetako bat da. Milaka eta milaka artikulu eta eduki sortzen dira entziklopedia libre handi honetan eta, Talaioskideok ere, lotura handia izan dugu proiektuarekin. Euskal Herrian, zehazki, Euskal Wikilarien elkartea dugu, kasu honetan, euskarazko Wikipedia sustatzen duen elkartea. Eurekin dugun harremana aspalditik dator eta, horregatik, hezkuntzarekin lotutako proiektu batean kolaboratzeko eskatu zigutenean, zalantzarik ez genuen izan aurrera egiteko.

Proiektua Wikikasi da eta, bertan, bigarren hezkuntzara bideratuta dauden, eta Wikimedia darabilten, ikas-egoera libreak garatu ditugu. Ikas-egoera hauek LOMLOE legearen baitan kokatzen dira, ikasleek proiektuka lan egin dezaten bultzatzen duen legea. Lege berri honen bitartez, ikasleen ikaskuntza prozesua, konpetentzien lanketan oinarritzen da.

2024ko urte hasieran abiatu zen Torrekua proiektua TEKS elkartearen bitartez eta Errenteriako Udalaren babesarekin. Talaios hasieratik egon izan da TEKS elkartearen barruan, teknologia burujabetza sustatzeko bideak landuz eta Ekonomia Sozial Eraldatzailearen ideiak martxan jarriz. Torrekua bezalako espazio bat Errenteria erdigunean izatea aukera paregabea izan da aurretik aipatutako bi ildo horiek lantzeko.

Talaiosetik, bi gai nagusi horiek lantzeko asmoz, ekarpen desberdinak egin ditugu denbora honetan zehar: bai teknologia digitalen arloarekin zerikusia duten jardunaldiak edota ekintzak kudeatuz eta gauzatuz, eta baita proiektu berriak Torrekuara erakarriz ere.

KoopFabrika saretzen

Talaios aka TAOS, gure kooperatiba sortu genuenean oso laguntza gutxi izan genuen sorrera prozesuan. Ez formaziorik, ez bidelaguntzarik, ez eta babestuko gintuen interkooperazio sarerik. Ez genuen horrelakorik eskura izan. Horregatik izan da gure obsesioetako bat, besteei, kooperatibak sortu nahi dituzten pertsona eta kolektiboei laguntza hori eman ahal izatea. Olatukoop sarearekin egin ahal izan genuen, Koopfabrika proiektuaren bitartez.

Koopfabrika ekintzailetza kolektiboa sustatu eta laguntzeko tresna konplexua da, 10 urtez Olatukoop sareak GEZKI Euskal Herriko Unibertsitateko eta Lanki HUHEZI Mondragon Unibertsitateko ikertegiekin interkooperazioan garatua. Bertan formazio kooperatiboa, proiektuen bidelaguntza eta saretzeko harremanak eskaintzen ditugu, baina gainera, proiektu kooperatiboak sortu eta lurraldeetan garatzeko metodologiak eta tresnak sistematizatzeko aukera eman digu, kolektiboan, bidelagunen sarea eginez eta Euskal Herriko lurraldeetan zabalduz.

Hamar urteren ondoren Talaios kooperatiban argi dugu bidea oso emankorra izan dela, eta hasieran identifikatu genuen behar horrek, jarraitzen duela lurraldean presente egoten. Horregatik eta Olatukoop, GEZKI eta Lankirekin harremana garatuz, gu hobeto antolatuz, ildoa lantzen jarraituko dugu!
 

Komunitatea josteko, amaiera

Suak erreko ez balu
eta euriak busti ez.
Negarrik ez balitz
eta arratsaldea
gauak itoko ez balu.

Pobreek lurrik balute
eta lurrak maitasunik
eta esperantzarik zaharrek.

Justiziarik balitz
eta herriak sofritu ez

gustura, bai,
isilduko ginateke
eta —Zenbat da?
Beste kopa bat!

Joxe Azurmendi

Jarraitzen dugu harremanez harreman Talaios komunitatea zabaltzen, baina laguntza behar dugu. Zabaldu zure inguruan interesa izan dezaketen pertsona eta kolektiboei Posta Zuzen jaso eta komunitateko parte izateko aukera: https://talaios.coop/komunitatea

Sortu, eraldatu, elkarbanatu!

[Inoiz baino ba(na)tuago!]