Ezin zaitut ahaztu

Egilea: | Lizentzia:
Egilea: Balamha | Lizentzia: cc-by-nc-sa

Eta geure burua saretik guztiz ezabatu nahi bagenu? Gure izena bilatzailean sartu eta guri buruz zer dioten begiratzen dugunean ikusten duguna gustatuko ez balitzaigu? Horixe egon da eta dago jokoan orain, eta Europako epaitegietara ere iritsi da ahanzturaren eztabaida.

Gure identitate digitala egunero osatzen dugu eta egunero osatzen digute. Bilaketa sinple batek erakusten digu, zer diogun, baina baita zer dioten ere. Gure zirkulazio isunak, argazkiak, hitzaldiak… denetik aurki dezakegu, eta, beharbada, dena ez da gustukoa.

Hori gertatzen denean, zer egin? Lagun batek horixe galdetu zidan aurreko batean. Gustatzen ez zitzaizkion zenbait gauza aurkitu zituen webgune batean, eta horren inguruan zer egin zezakeen galdetu zidan zehazki. Lehen gauza, berataz idatzi zuen pertsona horrekin harremanetan jartzeko esan nion, baina ez zirudien gauza erraza. Horren ondorioz, zerbitzuari eskari formal bat egitea ere proposatu zion, baina horietako batzuen e-mail soila aurkitzea zaila izaten da. Hala ere, batzuetan bada eduki desatsegin gisa markatzeko aukera, eta kasu horretan intzidentzia bat ireki ohi dute. Hori izan zen hartutako lehen bidea.

Fruiturik emango ote duen ez dakigu. Gero, besteak etor daitezke: ikerketa eta salaketa formalak Ertzaintzan, eta abarrak. Betiere, edukiak iraingarriak edo erasokorrak diren kasuetan.

Horren guztiaren gainean ere aipatutako ahazturaren eskubidea dago. Europako estamentuetan Googleri hein batean arrazoia eman diote, hau da, zenbait datu kentzeari uko egiten dionean arrazoia duela, beraz kasu gehienetan eskubide hori ez da eskubide. Hori bai, legeria bakoitzaren mugen barnean aritu beharko dute, eta legez kanpoko edukiak ezabatu beharko ditu.

Identitate digitala gauza serioa da, baina ez du norberak egiten, hori ikasi beharreko lehen araua da. Bigarrena: guk sortzen ez badugu beste batzuek sor dezaketela, eta, beraz, beharbada hobe guk geuk sortzea sarean guri buruz jakitea nahi duguna jakin dezaten.

Beharbada, hala ere, momentu batean honen guztiaren garrantzia txikiagoa izatera ere irits daiteke. Batez ere, mozkor argazkien sindromeak jota dauden askorentzat lasaigarria izan daitekeen zerbait; gehienok izango ditugu lotsatzeko moduko edukiak sarean; beraz, lasai.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]

Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]