Flappy Bird

flappy_bird
Egilea: Naka Hide | Lizentzia: cc-by

Arrakasta izugarria lortu duen sakelarako joko baten izena da. Vietnamen, GEARS estudioak sortutako joko sinple, dibertigarri eta mendetasun sortzailea. Sareko dendetan izandako deskarga kopuru izugarriak egin zuen famatu aste gutxi batzuetan; orain ez duzu inon aurkituko.

Nguyen Ha Dong gaztea dago arrakastaren atzean, bera baita GEARS bideo jokoak garatzeko estudioa. Bera bakarrik. Jokoak garatzea du afizio, eta horrela egin ditu beste hainbat. Orain arte, eginiko beste jokoetako bat besterik ez zen Flappy Bird. Arrakasta iritsi arte.

Gazteak, arrakastari ezin eutsi, eta bere Twitter kontuan adierazi zuen jokoa kentzea erabaki zuela. Zurrumurruak izan dira nagusi orduz geroztik. Jokoan erabilitako hodiak Mario Bros-enen antzekoegiak zirela zioen horietako batek, baina ez dirudi hori izan denik arrazoia.

Txoriak hodien artean mugitzeko mekanika sinple bat darabilen joko hau mendekotasun handia sortzegatik ezabatu omen du sortzaileak. Haren ustetan, 10 minutu ondo pasatzeko izan behar zuen jokoak. Jendearen arteko lehiak eta sortutako gose izugarriak beldurtu dute.

Ziur, halere, bere familia eta inguruan egunean publizitateagatik 50.000 dolar irabazteak eta nahigabe lortzen ari zen famak ere eragina izan dutela. Jokoaren arrakastak bere eguneroko bizitza zapuztu duela ere aipatzen zuen bere Twitterreko mezuetan.

Jende askok arrakastaren ondorio kaltegarrien inguruan hitz egin du. Horiek jakinak dira. Interesgarriagoa egiten zait joko dinamika horien indarrean jartzea arreta. Zergatik ez joko dinamika horiek beste arloetara eraman? Horixe da, gamification bezala ezagutzen dena gaur egun.

Flappy Bird jokoa ez da zerbait berria, esango nuke aspaldi asmatutako zerbaiten bertsio berritze bat besterik ez dela. Gure planteamendu, egiteko forma, jarduerak… berriro definituko bagenitu joko dinamikako zenbait elementu era egokian erabiliz?

Ongi eginez gero, ideia bikaina izan daiteke; jakin bestela ere beste batzuk ari direla horretan. Geroz eta gehiago dira era horretako estrategiak supermerkatuetan, sareko erosketetan, hezkuntzan, jendartean… erabiltzen ari diren talde, erakunde eta enpresak. Ikusteko dago ea dinamika horiek ekartzen dituzten onurak, ea arrakastarik duten eta ea arrakasta hori ona den.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]