Orain dela urte batzuk, eduki askeei buruzko eztabaida bizia zen. Garai hartan, garrantzi berezia ematen zitzaion edukiak aske jartzeari. Esango nuke, nahiz eta joera global bat izan, euskaldunok ohartu ginela horren garrantziaz, eta arrakasta nahikoarekin jendeak garrantzia eman ziola. Iritzi soil bat izanik ere, badirudi azkenaldian gaia gure agendatik at utzi dugula apur bat.
Ez da eremu bakarra, behin baino gehiagotan aipatu izan dut softwarea eta, batez ere, sakelakoetako aplikazioetan ere gertatzen ari dela. Azken finean, Internet edo teknologiaren alorrean genbiltzanontzat eztabaida zentral bat zena bigarren mailako bihurtu dugula uste dut.
Argazkiak, dokumentuak, audioak, testuak eta, oro har, datu askeak izateak duen berebiziko garrantzia gogoraraztea ondo dator. Ingurunearekin konparatuz gero, produkzio txikiagoa duen komunitateak, edukien berrerabilpenean du aukerarik onena. Edukien askapena jarrera lehenetsi gisa sustatuz gero sortutakoa, edukiak birsor eta zabal daitezke.
Eztabaidan garrantzia kendu izanak, ez du esan nahi gero eta eduki libre gutxiago dugunik. Digitalean biltegiratzea merkea denez, ia beti izango da aurrekoan genuena baino gehiago. Gainera, pausoa ematea erabaki zuten hedabide, erakunde, norbanako eta besteek ez diote utzi lizentzia libreen pean argitaratzeari. Helburua, halere, gero eta gehiago izatea da.
Edukiarekin gauza berriak sortuko dituztenak ere behar ditugu. Eduki libreak baliatzea ere zabaldu beharreko jarrera da. Gure argazki batek Wikipediako artikulu bat hobetzeko balio badu, adibidez, balio bikoitza ematen diogu artikulu horri. Alde batetik, hobetu egiten dugu, eta, gainera, beste norbaitek horren gainean zerbait hobea egin dezake.
Beraz, eduki librearekin gauza berriak sortzea interesgarria da, egindakoari bestelako erabilpen bat ematen zaiolako, hedapena. Berrerabilpen hori, gainera, izaera askea edo komuna duen eremu batean gertatzen bada, berrerabilpenaz gain balio erantsia ere badu sortutakoak.
Ea, bada, hitz hauek eztabaida plazan jartzeko balio duten. Bakoitza bere edukietatik has daiteke, bloga, irudiak, audioak, bideoak… Hori izan daiteke biderik errazena, beste erakunde publikoei zein pribatuei beste horrenbeste eskatzen hasteko. Hori, behintzat, gure esku dago.
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:
[related_posts limit=”4″ image=”100″]