Irailean ikasturterako xede onak adierazten diren data horietako bat dela baliatuz, nirea gehiago irakurtzea izango da. Udan hiru liburu irakurri ditut, urtean ezinezkoa dirudiena posible eginez. Urterako estrategia berarekin jarraitzen saiatuko naiz, niri funtzionatu didaten hiru gauzatxo jarraituz.
Denbora asko irakurtzera bazoaz, liburu elektroniko bat gomendagarria da: pisu gutxikoa, sarerik gabe (zertarako?), argiarekin (gauez irakurtzen baduzu) eta merkea. Orain arte deskatalogatutako Nook bat nuen, baina pantaila lehertu zitzaidan.
Berria erosi behar dudala eta, dauden aukerak apur bat aztertu ditut. Kindle famatua beti hor dago, merke eta ona bere bertsio ezberdinetan, baina Amazonen mundura gogor lotzen zaitu. Irakurri ditzakezun formatuetan ere Amazonek bereak bakarrik onartzen ditu. Aldiz Kobo eta BQ enpresek proposamen oso interesgarriak egin dituzte. Prezio eta ezaugarri aldetik gama zabal bat eskaintzen dute; esaterako, BQren Cervantesek oso itxura ona dauka.
Formatu onartuen kontua garrantzitsua da, baina beti dago Calibre aplikazioa gu laguntzeko. Formatu arteko aldaketak eta gure liburutegiaren kudeaketa egiteko balio duen tresna miragarria da Calibre.
Hala ere, irakurtzeko gailu bakar baten muga ez jartzea da gauzarik garrantzitsuena. Liburu elektronikoa ez badugu ere, zergatik ez ordenagailuan edota gurekin daramagun mugikorrean irakurri? Bigarren aukera, gero eta errazagoa da pantaila handiko gailuak nagusitzen ari diren honetan. Gero eta ohikoagoa da adibidez jendea phablet-ekin kalean ikustea. Telefono aukera duten tableta hauek oso ohiko bihurtu dira.
Sakelekoetan instalatzeko aplikazio asko dago, Aldiko da niri gehien gustatzen zaidanetako bat. Beste bat FBreader da, eta gailu askotarako aurkituko duzue. Biek liburutegien kudeaketa, oharrak, nabarmendutako testua, hiztegiak… integratzen dituzte eta oso erosoak dira.
Azkenik, beste guztia bezain garrantzitsua, denboraren kontua izan ohi da; horren falta hobeki esanda. Garraio publikoa erabiltzen ari naizela izan ohi da niretzako momentu garrantzitsuenetako bat. Hori ez bada, bakoitzak izango du bere momentutxoren bat zurrunbilotik atera eta liburuetan murgiltzeko.