Kooperatiba Fabrika proiektu profesional eta ekimen sozio-ekonomikoak martxan jartzen laguntzeko programa da. 2017ko lehen edizioan 20 proiektutik gora sustatu ondoren, 2018an beste edizio bat jarriko da martxan.
Ekintzailetza sozial kooperatiboak ekintzailetza eredu desberdina jartzen du erdigunean: Komunitatearen beharretatik abiatu eta komunitatean saretzen da, autoeraketan oinarritutako eredu demokratikoa da eta proiektuaren bideragarritasunaz gain, bizigarritasuna ere hartzen du kontuan.
Lankidetzan sorturiko programa da KoopFabrika, izaera anitzeko eragileak saretzen dituena: Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegia, OlatuKoop sarea, Bagara, EHUko GEZKI Gizarte Ekonomia Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua eta Debagoienako garapen agentzia, Beterri-Buruntzako udalak eta Oarsoaldea garapen agentzia. Gipuzkoako Foru Aldundiak babesturiko programa.
Gipuzkoa osoko proiektuei KoopFabrika eskaini ahal izateko, aurten lau eskualdetan jarriko ditugu nodoak: Debagoiena, Beterri-Buruntza, Oarsoaldea eta Bidasoa.