Librecon 2014

Iturria: http://librecon.io
Iturria: http://librecon.io

Librecon izan da Bilbon: Business and Open Technologies Conference. Albiste ona da behingoz teknologia libreak gure inguruan marginalitatetik atera eta balioztatzeko saiakera. Bertan egon ondoren esan dezaket munduan dauden maila ertaineko edozein konferentziarekin homologatzea lortu duela.

Ekitaldian denetik aurki ahal izan dugu: sektore publikoaren ekitaldiak, enpresa eta marketin gaiak, adibide eta praktika onak… Euskal presentzia ere handia izan da. Deigarria, adibidez, softwarea eta esperientzia zehatzak ez ezik, hardware munduan murgildutako Tumaker, 3D inprimagailuak eta Erle Robot, droneak garatzen dituen enpresak ikustea. Sektore publikoak ere ordezkaritza izan du, Gipuzkoa eta Bizkaiko diputazioak eta Eusko Jaurlaritza horien artean.

Esperientzia interesgarriak entzun ahal izan dira: Municheko Udalak egindako software libreko migrazioaren esperientzia eta egindako bidea; Boliviatik Ramon Sanchezek azaldutako subirautza teknologikorako ibilbidea; CartoDB mapen gainean datu bisualizazioak egiteko plataforma; hezkuntzan lehen urteetatik programazioa txertatzeko hainbat proposamen eta aipamen; Firefox OSen inguruko azalpenak; hodei propio eta libreak sortzeko Owncloud softwarea… gehiegi.

Berrikuntza garrantzitsu bezala Irontec enpresa euskaldunak ekitaldirako garatutako sakeleko aplikazioa izan zen. Egitaraua jarraitu eta informazio orokorra eskuratzeaz gain, pertsonen arteko harremanak egiteko balio izan du honek. Edozein partaiderekin komunikatzeko aukera ematen zuen aplikazioak, bilerak eskatu eta onartzeko aukerarekin.

Lehen ekitaldia izanik beti dago hobetzeko gauza asko: elektrizitate puntuen eskasia, Interneteko abiadura, audio arazo batzuk guneetan… betikoak, baina ekitaldi teknologiko batean garrantzitsuak.

Bada, halere, hurrengo urtetarako garrantzitsuak iruditzen zaizkidan bi gai nagusi: lehena, eta nahiz eta batzuek beti kritika bera egiten dugula esan, hizkuntzen kudeaketa ez da egokia izan. Euskara presentziarik gabe gelditu da beste behin ere, non eta Bilbon. Bigarrena, aldiz, filosofikoagoa da: LibreCon batek, beste konferentzia batzuekin homologatzea ondo dago, baina ez luke Libre izaera horrek ekitaldia bera era berezian busti behar?

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]