Netflix.com ikus-entzunezkoen munduan erreferente bilakatu da. Telesailak eta filmak eskaintzen ditu nahieran. Netflix arrakastatsua izaten ari da Kanadan eta AEBetan. Kable eta satelite banaketa ere gainditzeraino iritsi da zenbait tokitan. Erraztasuna, prezioa eta esperientzia izan dira zerbitzuaren arrakastaren arrazoietako batzuk. Orain, Interneteko trafikoaren zati handi bat Netflix bidezkoa da. YouTuberekin batera trafiko gehien mugitzen duten zerbitzuetako bat da.
Azken astean, arduradunek Bittorrent bidezko trafiko «pirata» jaitsi izanaren arrazoia Netflix izan dela zabaldu nahi izan dute. Egia da Bittorrent bidezko trafikoa jaitsi dela, baina albistearen atzean gezurrak ere badaude. Alde batetik, Bittorrent protokolo bat da, HTTP izan daitekeen moduan. Bere lana, tamaina handiko fitxategien garraioa ahalbidetzea da. Protokolo horrek erabilpen asko ditu. Protokoloa sortu eta mantentzen dutenen aldetik ez da inoiz «pirateria» sustatu. Fitxategien trukerako asko erabili izan bada ere, Pirate Bay atari ezaguna kasu, beste asko dira protokoloak dituen erabilpenak; ikerketa munduko datu eskergak mugitzea, adibidez.
Protokolo bat izaki, ez dago zertan zerbitzu zentralizatu eta komertzial batekin neurtu. Bittorrenten sortzaileek trafiko hori murrizteko ahaleginetan ari dira, 2009an sartu zuten µTP azken aldaketa adibidez. Ezberdintasuna argia da, beraz. Interneteko neutraltasunaren eta azpiegituraren alde egiten du. Netflix zerbitzu interesgarria izan daiteke, baina hor egongo dira beti p2p banaketa ereduak, fitxategi truke librea sustatzeko, Interneteko oinarrizko neutraltasuna defendatzeko. Netflix desagertzen denean Bittorrent hor egongo da.
Lerro hauek bukatzen ari nintzela, Espainiako Auzitegi Nazionalak berriro ere adierazpen askatasuna urratzen duen erabaki bat hartu du, eta hedabide digital bat ixteko agindua eman du. Zutabe honetan behin baino gehiagotan aipatu izan dudan AteakIreki.com itxi eta beren sare sozialetako kontuak ere itzaltzeko eskatu du epaileak. Orain arte idatzitakoak erabaki horiekin zentzu gehiago hartzen du oraindik. Bihoakie nire elkartasuna eta behar duten laguntza guztia.
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:
[related_posts limit=”4″ image=”100″]