Nire lagunaren erlojua

800px-Vostok_Komandirskie_Watch
Egilea: Lauri Rantala | Lizentzia: cc-by

Nire ingurukoek askotan esan didate hanketako nire mugimendua baliatzeko dinamo bat jarriko didatela. Txantxa iruditu arren, sortzen dugun energiaren parte bat berrerabiltzea ez da txorakeria bat.

Lagun batek zuen Sobietar Batasunean egindako erloju bati izugarrizko inbidia izan diot beti. Erlojua ez zen bereziegia; egia esan, analogikoa zen, eta garai horretan digitalak ziren nagusi. Ez nolanahikoak, gainera, kalkulagailua, planetak eta urrutiko aginte funtzioak zituztenak baikenituen. Erloju hark, aldiz, ez zuen pilarik behar, dinamo baten moduan kargatzen zen, pertsonaren mugimenduari esker.

Sakelakoa izaten hasi nintzenean, berriz, erlojuaren beharra desagertu zitzaidan, eta ordutik ona ez dut berriro erlojurik izan. Ez dut uste, gainera, sakelakora iristen diren jakinarazteak ikusteko tresna moduan saltzen dituzten lehen belaunaldiko Smartwatch-ek ere lortuko dutenik. Bigarren belaunaldikoek beste zerbait eskainiz gero auskalo, baina hobe bitartean Sustatun agertutako artikulu hau irakurtzen badugu: http://sustatu.com/ killernaggy/1389695617.

Gaira bueltatuz, aukera handiak ikusten ditut dinamo moduan, energia berrerabiltzen duten tresnetan. Batez ere, erabiltzen ditugun gailuek dituzten bateria arazoak konpontzen diren bitartean, baina baita haratago ere. Alor horretan, azken berrikuntza interesgarria izan da Kopenagheko gurpila deitutakoa. MITek sortu eta hiri honetan probatutako gurpil honek edozein bizikleta bihur daiteke elektriko eta adimendun. Pedalei ematen (edo aldapak jaisten) joan ahala kargatzen da, behar dugunean pedalkadak ematen laguntzeko. 2014ko lehen hiruhilekoan saltzen hasi nahi dute, 699 dolarreko prezioan.

Ez da egiten duen gauza bakarra, adimenduna ere badela esan dugu. Adimenduna diogunean zera esan nahi da, sakelako aplikazio baten bidez informazioa eta estatistikak emateko gaitasuna duela (ibilitako kilometroak, batez besteko abiadura, xahututako kaloria kopurua…) .

Ez dakit gurpil hau gurera iritsiko den, bizikleta elektrikoak errealitate bat dira gurean; Donostian adibidez Dbizi bizikleta zerbitzu publiko sistema martxan da dagoeneko. Gailu adimentsuak eta energia berrerabiltzen duten tresnak ere ikusiz joango gara; hori bai, beti izango dut buruan nire lagun haren erlojua.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]