Oporretarako aplikazioak

Ohitura ona izaten da oporretara goazenean maletarekin batera, Android mugikorra ere prestatzea. Oporretan gaudela behar dugun informazio guztia, edo gehiena, gure eskuetan izatea lagungarria izaten da. Mota askoko opor bidaiak egin daitezke, eta hauetako bakoitzean modu bateko edo besteko informazioa beharko dugu. Informazio guzti hori behar dugunerako erabilgarri izateko, oporretara joan aurretik erabiliko ditugun beharreko aplikazioak identifikatu eta instalatu beharko ditugu.

Oporretan Google Maps askotan erabiltzen da. Bisitatzen ari garen hirian edo lurraldean kokatu gaitezke mugikorraren GPS-aren bitartez. Mugikorrean Interneterako konexioa baldin badugu, ez dugu arazorik izango Googlek ematen dizkigun datu guztietara sarbidea izateko. Aldiz, roaming-a aktibatu nahi ez badugu, oporretara atera baino lehen bisitatu nahi dugun lekuaren mapa deskargatu beharko dugu, oporretan gaudenean Internetik gabe mapa ikusi ahal izateko. Mapa aurretik deskargatzeko bi bide daude. Orain arte, aplikazioaren menuan, “konexiorik gabe erabilgarri” botoiari emanaz deskargatzen genituen beharrezko mapak. Baina azken astean, Google Maps apliakzioak 7. bertsiora egin du salto eta hemendik aurrera ez dugu deskargatutako mapak kudeatzeko aukerarik izango. Hala ere, antzeko aukera bat erabili daiteke nahi ditugun mapak offline kontsultatu ahal izateko. Orain, nahikoa da pantailan deskargatu nahi dugun mapa zatia aukeratzea, eta bilaketa gelaxkan “ok maps” idaztea. Estatu batzuetan oraindik ezin dira deskargatu, Espainia kasu, baina beste askotan zerbitzua erabilgarri dago. Aplikazioa egunero erabili behar ez badugu ere, momenturen batean estualdi batetik atera gaitzake.

Screenshot_2013-07-15-12-41-15Oporretara joateko hegazkina beharko badugu, Skyscanner aukera interesgarria izan daiteke. Hegaldi bilatzaileen artean bilaketa egin eta aukera merkeenak erakusten dizkigu. Erabilera errazekoa da eta aukerak azkar topatzen ditu. Edonora bidaiatzeko aukera ematen du eta hegaldia aukeratzerakoan erreserba egiteko helbide zuzenera berbideratzen gaitu.

Hegaldia lotuta dugula, lotarako lekua topatzea onena. Airbnb zerbitzuaren aplikazioa instalatu dezakegu horretarako. Airbnb partikularren etxeak, apartamentuak edo logelak alokatzeko balio duen sare soziala da. Aplikazioaren bitartez gure erreserba eta jabeen argibide guztiak jarraitu ahal izango ditugu. Zerbitzu honen bidez leku merkeak zein luxuzkoak topa ditzakegu. Aldiz, gure asmoa kanpinetara joatea bada, Youcamp eskura edukitzea lagungarri izan daiteke. Aplikazio hau ordainpekoa da, baina kanpinetik kanpinera mugitu behar badugu, balio duena ordaintzea merezi du.

Bisitatu nahi dugun tokia ondo ezagutzeko, beste bidaiarien proposamenak, beraien opor planak, argazkiak eta bestelako aholkuen bidez informatzea ondo etorriko zaigu. Minube aplikazioan webgunearen bertsio mugikorra topatuko dugu. Minube bidaiarien sare soziala da. Bertan bidaiarien aholkuak topatuko ditugu, gure bidaia ahalik eta gehien aprobetxatzeko erabili dezakeguna. Oporretan kirola egin behar badugu aldiz, Wikilock aplikazioa oso aukera egokia da. Bertan izen bereko sare sozialeko informazioa eskura izango dugu. Bizikleta, trekking, ibilaldiak eta askotariko kirolen ibilbideak aurkituko ditugu.

Oporretan gaudela, mugikorra erabiltzea batzuetan arazo bilakatzen da, bisitatzen ari garen herrialdean Interneteko konexiorik ez dugulako. Arazo hau ekiditeko eta wifi aske baten bila arratsalde osoa ez galtzeko, aplikazio gehiago instalatzea onena. Irtenbideetako bat Roamer zerbitzua dugu. Roamer zerbitzuarekin helburu dugun herrialdean aurreordaindutako SIM txartel merkea erosiko dugu, eta aplikazioak, gure betiko mugikor zenbakiaren deiak SIM berrira berbideratuko dizkigu. Gainera, Interneten ibiltzeko SIM berriaren tarifa merkea erabilgarri izango dugu. Beste irtenbide bat, Wifien mapak osatzen dituzten aplikazioren bat instalatzea litzateke (Adibidez: “WifiPass”, “instabridge” etab.). Aplikazio hauetan guregandik gertu dauden wifiak erakutsiko dizkigute eta jendeak konpartitutako wifien pasahitzak erabili ahal izango ditugu.

Oporretarako plangintza adina aplikazio daude instalatzeko prest, asko doakoak, beste asko ordainpekoak. Gure oporrekin hoberen bat datorren aplikazioak aukeratu eta instalatzea besterik ez dugu egin behar. Edo bestela, mugikorra etxean utzi eta besterik gabe, disfrutatu!

 

[box type=”info”]Artikulu hau Gaur8 astekarian publikatu da.[/box]

Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]