Oporretarako p2p alokairuak

airbnb
Egilea: Tricia Wang 王圣捷 | Lizentzia: cc-by-sa-nc

Oporretarako denbora baterako alokairua aspaldiko kontua da, baina orain, Interneti esker, gorantz doa. Bezeroa eta etxearen jabearen arteko zuzeneko harremana sustatzeko, Airbnb.com, 9flats.com eta halako webguneek egiten dute hori posible.

Webgune horiek bi aldeen arteko harreman zuzena ahalbidetzen dute. Bitartekaritza lana egin bai, baina ondoren bien arteko harremana zuzena da. Hori bai, zerbitzuagatik %6-15 arteko komisio bat kobratu ohi dute tresna erabiltzearren.

Tresnak ingurune ziur bat eskaintzen du, konfiantza garrantzitsua izaten baita gai horietan. Etxea alokatzen duenak aseguru maila batzuk izaten ditu. Bezeroak, berriz, etxean aurretik egondakoen kritikak jakiteko aukera du, baita jabeak bozkatzekoa ere.

Gero eta ohikoak izango dira erabiltzen ez ditugun gauza, lokal, etxe… elkarrekin trukatzeko, saltzeko edo alokatzeko aukerak. Horrek orain arteko egituretan eragiten du noski, eta ez dira gutxi agertuko diren zailtasunak. Kasu honetan, argi dago hotelen enpresa handien lobby-ek era honetako alokairu moten aurka agertuko direla.

Normalean jendartea baino mantsoagoak diren legeek ere zenbait arazo sor ditzakete. Espainian, adibidez, HEL Hiri Errentamenduen Legea aldatzeko proposamenek zerbitzu hauei trabak jar diezazkiekete. Dirudienez, erkidegoen esku geldituko dira erabakiak, baina ez da ezer ziurra oraindik. Legedia moldatu beharko da zerbitzu hauetara, jendeak, bestela ere, lege hutsuneak baliatuko baititu.

Zerbitzu hauek etxebizitzen aisiarekin lotutako erabilera sustatzen dute batez ere. Onurak besterik ez du ekarriko, eta, gainera, pertsonen arteko tratuek Euskal Herriari buruzko beste ikuspuntu batzuk izatera ekar dezake.

Hala ere, ezin dugu ahaztu etxebizitza berezko eskubidea behar duela izan, eta era honetako legeen aurretik ere, beste erabaki batzuk egon beharko luketela. Etxegabetzeek erakusten duten errealitate krudela ere kontuan hartu beharrekoak dira.

Ezin ahaztu etxebizitzaren funtzio nagusia bizileku izatea dela. Kontrakoa pentsa badezakegu ere, zerbitzu hauen erabiltzaile gehienak alokatzen dituzten etxeetan bizi ohi dira. Faktore horiek guztiak kontuan hartuta sor daitezkeen balizko legeek posible egin behar dituzte, oreka baten barnean, eredu berri hauek.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]

Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]