TALAIOS KOOPERATIBAn osasun-krisiari aurre egiteko prest gaude

Bizitza, zaintza eta osasuna erdigunean jarrita, eta lan-taldean kolektiboki horrela erabakita, gure lana eta ekimenak egokituko ditugu SARS-Cov-2 birusaren zabalpenari aurre egiteko. TALAIOS KOOPERATIBAko langileok etxetik egingo dugu lan Covid-19ren osasun-krisiak irauten duen bitartean, eta horretarako datozen asteetan gure eguneroko jarduna moldatuko dugu. Asmo horrekin, lehenagotik ere etxetik lan egiteko dauzkagun tresnak eta lan-ohiturak zabalduko ditugu, eta parte hartzen dugun proiektuek eskatzen duten lan presentziala egiteari utziko diogu ahal den kasu guztietan. Langile moduan ardura hartzen dugu, gure eguneroko lana Koronabirusaren zabalpenerako bide izan ez dadin. Hala ere, osasun publikoa bermatzea denon ardura kolektiboa dela gogorarazi nahi dugu, eta osasun sistema publikoa indartzearen aldeko deia egiten dugu.

Bizi dugun krisiari aurre egitea ez da aukera indibiduala, herri erronka baizik. Eskura dauzkagun baliabide publikoak indartu eta tresna komunitario berriak sortzea da osasun-krisi honi aurre egiteko modua. Horregatik gure ezagutza, lana eta baliabideak lurralde beharrei begira jarri eta gure komunitate eta tokiko erakundeei laguntzeko prest ditugu. Bide horretan, burujabetza teknologikoaren garrantzia erakutsi nahi dugu, eta krisi honi erantzuteko tresna teknologiko libre eta burujabeek duten garrantzia erakutsiko dugu, lanaren kolektiboaren mesedetan tresna libreen gaitasuna publikoki erakutsiko dugularik.

Datozen erronkak

Datozen asteetako erronka nagusia ordea, gure bizikideen eta komunitateen zaintza bermatzea izango da, eta horretarako etxetik egingo dugu lan, baina kasu guztietan aurretik jarriko ditugu zaintza lanak edo komunitatearen beharrak, beharrezko izango balitz, bezero edo proiektu kideekin ditugun konpromisoak atzeratu edo moldatuz. Bidaide zaituztegun pertsona, enpresa eta erakundeek lehentasunen ordena ulertuko duzuelakoan gaude.

Espero dugu, datozen asteetan herri eta pertsona bezala denok arduratsu jokatzea, eta ulertzea benetan bizitzak erdigunean jarriz denontzat osasuntsua eta justua den etorkizun bat nahi badugu, guzti hau aldatzeko probestu behar dugula. Krisi egoera hau irabazi ekonomikoak puzteko erabiltzen dutenek, edo babes sistema publiko eta komunitarioen kontra egiteko baliatzen dutenek, kontra izango gaituzte.

Bizitza da handiena, eta elkartasuna, dena antolatzeko modu iraunkor bakarra.

Talaios kooperatibako langileak