Euskal Wikilarien Elkartea

Wikipedia proiektua, gaur egun, Internet munduan modu kolaboratiboan garatzen den proiektu handienetako bat da. Milaka eta milaka artikulu eta eduki sortzen dira entziklopedia libre handi honetan eta, Talaioskideok ere, lotura handia izan dugu proiektuarekin. Euskal Herrian, zehazki, Euskal Wikilarien elkartea dugu, kasu honetan, euskarazko Wikipedia sustatzen duen elkartea. Eurekin dugun harremana aspalditik dator eta, horregatik, hezkuntzarekin lotutako proiektu batean kolaboratzeko eskatu zigutenean, zalantzarik ez genuen izan aurrera egiteko.

Proiektua Wikikasi da eta, bertan, bigarren hezkuntzara bideratuta dauden, eta Wikimedia darabilten, ikas-egoera libreak garatu ditugu. Ikas-egoera hauek LOMLOE legearen baitan kokatzen dira, ikasleek proiektuka lan egin dezaten bultzatzen duen legea. Lege berri honen bitartez, ikasleen ikaskuntza prozesua, konpetentzien lanketan oinarritzen da.

Gure lana, ondorengoa izan da proiektu honetan:

  • Ikas-egoerak garatzea, hasieratik bukaeraraino.
  • Jarduerak proposatzea.
  • Landu beharreko konpetentziak zehaztea.
  • Ebaluazio irizpideak definitzea.
  • Materialak sortzea.
  • Ikas-egoerei forma ematea.