Google enpresa jaio zenean, bilatzaile bat besterik ez zen. Gaur egun, ordea, zerbitzu desberdin asko eskaintzen ditu eta bere diru iturri gehienak publizitatetik eta enpresei/administrazioei eskaintzen dizkien zerbitzuetatik datoz. Gainera, gehienok erabiltzen ditugun Android mugikorren merkatuan ere irabazi handiak ditu Google enpresak. Mugikorrak entretenimendu gailu bihurtu zirenetik, Google berak bideo jokoen salmenta plataforma zerbitzuak eskaini ditu Google Play aplikazioaren bitartez. Bideo jokoen merkatua horrenbeste aldatu da, gaur egun Google sektoreko marka ezagunenetakoak diren Nintendo edo Sony berari gailendu zaiela. Horiek baino diru-sarrera handiagoak baititu kontsoletarako bideo jokoen salmentetan.
Ez da Google izan bideo jokoen merkatura salto egin duen bakarra. Bideo joko salmentak film salmentari aurre hartu zionetik, enpresa askok egin dute salto sektore honetara. Berrikuntza asko bide horretatik etorri dira, eta konpetentzia horrek eragin du sektorean nagusi diren enpresa handiek esfortzu handiagoa egin behar izatea posizioak mantentzeko.
Bada, “Half Life” bideo jokoa egiteagatik famatu egin zen eta orain artean Steam bideo jokoen sare sozial eta salmenta plataforma hobetzen aritu den Valve enpresak albiste garrantzitsua eman zuen aurreko astean: Steam OS, Linuxen oinarritutako sistema eragile berri bat, plazaratuko du entretenimendura zuzendutako zerbitzuak eskaintzeko asmoz. Horrekin batera, Steam Machine delakoak ere merkaturatuko dira, Steam OS exekutatzeko beharrezkoak izango diren PC edo kontsolak.
Berrikuntza nabaria da, orain arte kontsolen munduko enpresa handiek beraien merkatua estu-estu kontrolatu izan dutelako. Xbox, Play Station edo Wii bezalako kontsolek hardwarea modu itxian merkaturatu izan dute horretarako. Adibide horietan, fabrikatzaileak diseinatzen du hardwarea eta berak merkaturatzen du. Bideo jokoen erabiltzaileek edo hardware garatzaileen enpresek inongo aldaketarik edo hobekuntzarik egiteko aukerarik ez dute
Valve enpresak aurkeztu duen eredua, ordea, erabiltzaile garatzaile eta ingeniariei guztiz irekita egongo da. Hardwarea eta softwarea hobetzeko eta aldatzeko aukera egongo da. Horrek atea ireki eta gauzak asko errazten dizkie bideo jokoen garatzaile diren enpresa gazteei, baina baita ikasketa eta ikerketa prozesuetan murgilduta daudenei ere.
Horrek, aldi berean, Linux sistemetan garatzen diren bideo jokoei bultzadatxoa emango die. Liburutegi libreekin egiten diren lanak ugarituko dira, eta, aldi berean, liburutegi horiek garapen hobeak izatea ahalbidetuko du.
Garatzaileez gain, erabiltzaileentzako ere onura asko ekarriko ditu. Hardware fabrikatzaile asko egonik, aukera desberdin asko izango ditugu, jokalari bakoitzaren arabera egokitu ahal izango ditugunak. Prezioak ere asko merkatuko dira gaur egun merkatuan famatu diren kontsolekin alderatuta.
Baina teknologiei lotutako berrikuntzez gain, erabilerarekin zerikusia dutenak ere izango ditugu. Steam eta Steam OS sistemen arteko streaming bidezko konexioaren bidez, edozein ordenagailuetan (Windows, Mac OS edo Linux) instalatuta ditugun jokoetara jolastu ahal izango dugu, filmak eta telebista kateak ikusi ahal izango ditugu, eta musika ere entzun ahal izango dugu. Horrez gain, gure jokoak lagunekin konpartitu ahal izango ditugu beraiek lizentzia erosi beharrik gabe eta egun existitzen diren bideo joko plataformek eskaintzen ez dituzten beste aukera asko ere sortuko dira.
Gaur egun bideo jokoek bizi duten kaiola askatzera dator Valveren proiektu berria. Berak planifikatuta, baina erabiltzaile, sortzaile eta garatzaile guztiei irekita izango den proiektua. Hobekuntza interesgarriak ekarriko dituela segurua da, eta errentetatik bizi diren Microsoft, Sony, Nintendo eta abarrek kolpe izugarria jasoko dutela argi dago. Orain makinaria guztia martxan jartzea besterik ez da falta.
[box type=”info”]Artikulu hau Gaur8 astekarian publikatu da.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:
[related_posts limit=”4″ image=”100″]