2017an plazaratu genuen aurrenekoz gure egutegi propioa, Talaios kooperatibako langileon irizpideen arabera proposatu eta onartua:
Aurten ere egutegia egiterako garaian argi genuen jai batzuk ordezkatu nahi genituela, baina, aldi berean, ezin genuela egin bizi garen jendartetik guztiz deskonektaturik dagoen egutegi bat. Egutegiak gure jardun kolektiboari zentzua emateko balio behar du, baina langileon egunerokoa eta ingurukoena kontuan izan behar du bizitza bizigarriak eraikitzeko asmoz.
Gure komunitateak ospatzen dituen jai egun asko elkarrekin ospatu nahiko genituzke, horregatik, “ohiko jaiak” ere agertzen direla ikusiko duzue. Jai egun batzuk kendu ditugu, ez dugulako ospatzeko arrazoiarekin bat egiten, beste batzuei esanahia aldatu diegu, eta gure kooperatibarekin bat egiten dutenak, mantendu. Hala ere, erreferentzia edo mito propioak ere sartu ditugu.
Horrez gain, beste bi kategoria duten egunak ospatzen ditugu:
- Gurea enpresa komunitario bat izaki, pertsona bakoitzaren urtebetetzea ere markatu nahi genuen, kideek duten garrantzia nabarmendu, eta egun horretan berarekin gaudela ospatzeko egunak izango dira.
- Beste alde batetik, Stakhanov egunak edo lanez ospatzeko egunak ere mantendu ditugu. Egun horiek lan egiteko egunak izango diren arren, egunaren amaieran ahal den heinean elkartzeko baliatu nahi ditugu. Zehazki bi dira lanegunetan aurten, Meta eguna eta OlatuKoop Ekonomia Sozial Eraldatzailea Sustatzeko Sarea jaio zen eguna, eta beste bi jai egunetan tokatzen direnak aurten, Talaios sorrera eguna, eta nazioartean mugimendu kooperatiboak ezarritako eguna.
Esan genuen bezala, bakoitzak beren interesen arabera, errepara diezaiola nahi dionari, baina, batez ere, pentsatu zein liratekeen ospatu nahiko zenituzketen jaiak, eta horren arabera antolatu. Jai egunak erabakitzea ere burujabetza kontua delako, gure lantoki, herri eta jendartean.
Buruan eta praktikan egutegi propioa sortzeak berak, helburu burujabera gerturatzen baikaitu. Eguneroko inertziaren aurrean, ospatzen duguna zergatik ospatzen dugun pentsatzera eramaten gaitu eta gogoratu: zer ospatu, hori izan.