360°, ezer ez aldatzeko

I love data | Open Data eta Software Librea
Egilea: bixentro | Lizentzia: cc-by

Gauza berri eta ezberdinak egin nahi izatea oso gauza ona da. Horrela pentsatzen duten pertsonei esker gure jendarteak aurrera egiteko aukera du. Arlo guztietan dago berrikuntza txertatzeko aukera, baina berrikuntza ez dugu helburu huts bezala jarri behar. Helburu zehatz batzuk lortzeko hobetzen da ,eta horiek dira garrantzitsuenak.

Proiektu berri bat abiatzean, ilusioz «inork egin ez duen zerbait» egitea pentsatzen dugu. Errealitateak zaplastekoa eman —salbuespenak kenduta— eta zure aurretik beste norbaitek antzeko zerbait egin duela konturatu arte.

Hala ere, frustrazioan erori beharrean, zergatik ez baliatu? Sortuta dagoen hori hobetzeko bidetik hasi eta auskalo non buka daitekeen abentura. Historiako aurkikuntza eta berrikuntza asko horrela sortu dira. Chartreseko Bernardok ustez esandako, baina Newtoni edo Einsteini egotzi ohi zaien esaldi honek ondo laburtzen du metafora horren esanahia: «Nire ikusmena hain urrutira iritsi bada, nire aurreko erraldoien bizkar gainean igota nagoelako da».

Lehen adibidea Municheko Udalak (Alemania) 2005ean GNU/Linux mahaigain batera migratzeko proiektua hasi zuen. Zortzi urteren buruan dituzten 15.000 ordenagailuetatik, 14.000 jada migratu dituzte, eta bertan zituzten sistema pribatuak libreekin ordezkatu. Beste zenbait aplikazio eta ofimatika tresna ere aldatu dituzte bidean. Orain OpenOffice LibreOfficekin ordezkatu nahi dute. Bidean 10 milioi euro aurreztu dituzte.

Bigarren adibidea CKAN datu publikoak irekitzeko tresna da. Erakunde, enpresa edo taldeek beren datuak publiko egin nahi badituzte tresna honek bidea errazten du. Datuak publiko egiteaz gain, bilagarriak, erabilgarriak, kontsultagarriak… bihurtzen ditu. Data.gov.uk atari ezagunak CKAN du oinarri, baina orain eskuragarri dago erabiltzeko.

Askotan berrikuntza ez da gauza handietatik hasten, gauza errealetatik abiatu eta bisio argi batekin lortzen da berrikuntza txikiak handiago bihurtzea. Ez dugu zertan beti gurpila asmatzen jardun behar, batez ere, gurpil karratuak egiteko arriskua handia delako.

Nik behintzat nahiago dut 180º biratzeko prest dagoen pertsona, ezer aldatuko ez duen 360º-ko buelta osoa egitea proposatzen duena baino.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]

Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]