Deaddrop, Piratebox eta Eraldalab

Egilea: | Lizentzia:
Egilea: Txapis Otegi | Lizentzia: cc-by-sa

Informazioaren gardentasunari buruzko eztabaida airean dago. Argi dago informazio askok pribatua behar duela izan, intimitatea, adibidez, hor dago. Baina zer gertatzen da informazio publikoarekin? Publikoa izan gabe ere, zenbait eremu pribatutako informazioak ere publikoa izan beharko luke? Eztabaida kalean da, baina teknologia beti bezala aurretik doa.

Frogatuta dago gardentasun legeak dituzten herrialdeetan legea izate hutsagatik zenbait delitu mota gutxiago izaten direla eta sozialki ere onarpen gutxiago dutela. Ez hori bakarrik, datuak publiko egiteak aberastasuna ere sor dezake; datu horiekin lan egin eta balio erantsia emango dioten pertsonak badaude.

Aski ezaguna da, hala ere, eremu pribatu zein publikoko erakunde eta pertsona askok —batez ere enpresa handi eta estatu aparatuetako pertsonek— gauza asko ezkutuan mantentzea lortu eta inpunitatez jokatzeko aukera izaten dutela. Aldiz, Wikileaksek anonimotasunean babestuz hauek ere kolokan jar zitezkeela erakutsi zigun. Hori bai, Bradley Manning eta Julian Assange atrebentzia ordaintzen ari dira oraindik.

Tresna zentralizatu bakarra izan ordez, milaka buzoi anonimo balira zailagoa litzateke informazio fluxu horiek guztiak kontrolatzea. Horixe da orain ezagutu den Deaddrop tresna.

Aaron Swartzek hil ondoren ere ekarpenak egiten jarraitzen du, bera izan baita beste segurtasun aditurekin batera tresna sortu zuena. Erabilpen zuzenak izan ditu jada kazetaritzaren munduan, New Yorker aldizkariak Strongbox buzoi anonimoa ireki duela jakin dugu.

Internet bidez informazio anonimoak bidaltzeko tresnez gain, badira trukerako baliatu daitezken beste buzoi anonimo fisikoak ere. Halakoa da Piratebox proiektua. Wifi router txiki baten barneko softwarea moldatuz, anonimoki elkarren artean fitxategiak trukatzeko, txatean jarduteko edo foro bat izateko aukera ematen duen tresna. Elkarlanean aritu behar duten taldeentzako tresna bikaina.

Piratebox probatu, gai hauei buruz eztabaidatu eta ekonomia elkarrekintzazkoaren inguruan eztabaidatzeko aukera ere izango da OlatuTalka barnean, larunbatean Donostian antolatu den Eraldalab ekimenean.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]

Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]