Guda hotsak sarean

internet_war

New York Times, Wall Street Journal eta Twitter erasotuak izan dira azken aste hauetan. Ustezko erasoak Txinatik omen zetozen, eta berriro ere ustez erasotzaileak ezagutza maila altukoak ziren egindako erasoek erakusten duten moduan.

Twitterreko kasuak, adibidez, erabiltzaileen pasahitzak (zifratuak badira ere) lortzeko aukera eman zien erabiltzaileei. Horren ondorioz, zerbitzuak erabiltzaile batzuk behintzat pasahitzak aldatzera behartu ditu.

Eraso horiek ezagutzera eman diren aste berean ere, jakin dugu AEBetako armada mando militar berri bat prestatzen ari dela. Horretarako, orain arteko indarren boskoitza erabiliko du egitura osatzeko. Unitate horrek, defentsa lanak egiteaz gain, eraso ekintzak ere egingo ditu. Hau da, guda eremu bilakatzera doaz Internet.

Orain arte horrelako ekintzak egin izan direnean ez dira era guztiz publikoan egin. Internetek eskaintzen dituen anonimotasun aukerak baliatuz, erasoaren iturria zein den ezkutatzea lor daiteke. Helburua orain era guztiz publikoak Internet ere borroka eremu bihurtzea da.

Ez dira bakarrak; beste hainbat herrialdetan ere era honetako neurriak hartzen ari dira. Israelen oso gaztetatik etorkizuneko ziber miliziak eraikitzen hasi dira. Europa ere estatuen arteko neurri bateratuak hartzen ari da. Bitartean, Txinak eta Errusiak ere oso egitura militar aurreratuak garatu dituzte.

Internet guda esparru bihurtzeak arazo larriak ekar ditzake eskubideen alorrean. Guda guztietan bezala, eskubideak oinarrizkoenak erasotuak izaten dira, eta hau ez da ezberdina izango.

Lortzeko, lehenik, aitzakia ezberdinak erabiliz indarrean dauden legeekin eskubideak murrizten saiatuko dira. orrek huts egiten badu, lege murriztaileak inposatzen saiatuko dira, beldurra mekanismo gisa baliatuz. Amaitzeko, horrek ere huts egingo balu, salbuespen neurrien bidez izaera militarrak, zibilari gailentzeko mekanismoak martxan jartzeko arriskua dago.

Informazioa esparru publikora hain garbi azaltzeak herritarrei zuzenean eragingo dion gaia izango dela argi uzten du. Horregatik, herritarrak eta teknologian eskarmentu apur bat duten pertsonek eskubideak eremu honetan ere defendatzeko prestatu beharko dute, urteetan Electronic Frontier Foundation erakundeak egin izan duen moduan.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]

Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]