Elektroi askeak

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak Lurzaindia sortu berri du. Erakunde honek espekulazioari aurre egin eta laborantzako lurrak babestea eta mantentzea izango du helburu. Bere eginkizun nagusia kolektiboki erosiak diren lurrak alokatzea da, beti ere irizpide zehatz batzuk segituz. Azken finean lurrarekin zailagoa bada ere herri lurren izaera kolektibo berri bat.

Badirudi beraz, aintzinako ohituretatik abiatuz hausnarketa berriak bide, lurrarekin ere aurretik beste arlo batzuetan eman diren eztabaida berak gauzatzen ari direla. Software libreak eta hacker kulturak gauza asko busti ditu zentzu honetan. Lurraren adibidea beharbada ez da honen seme zuzena, baina bai garai berri batzuen isla.

Lurraz ari garela, hau lantzeko beharrezko diren material eta tresneriak garestiak eta teknologia patenteak multinazional gutxiren esku daude. Horretaz gain, Euskal Herriko landa eremuetan esplotazio txiki eta ertainak dira gehiengo. Testuinguru honetan tresneria teknologikoa txertatzea zaila izan daiteke, inbertsioak eta teknologia eskuratzeko zailtasunak handiak direlako.

Gure baserritarrak ez dira arazo hau pairatzen duten bakarrak; oso ohikoa da ekoizleen artean. Horregatik eta subiranotasun kontzeptuari loturik, sortutako proiektu interesgarrien artean Open Source Ecology izenekoa dago. Proiektu honen helburuetako bat herri autonomo batek bere bizitza eta garapenerako beharko lituzkeen 50 tresnak garatzea, ekoiztea, dokumentatzea eta denontzako eskuragarri jartzea bilatzen du. Tresna hauetako batzuk traktorea, 3D inpresora, adreiluak egiteko makina, labe bat, energia ekoizteko haize errota… Informazio guztia webgunean aurkituko duzue, baina zerbait deigarria ikusi nahi izanez gero bideoen atalera jo dezakezue.

Global Village Construction Set – TED Talk from Open Source Ecology on Vimeo.

Ez dira lurrarekin eta hacker kulturarekin zerikusia duten proiektu bakarrak. Euskal Herrian gero eta ezagunagoak egiten ari diren kontsumo taldeek dituzten beharren inguruan adibidez proiektu berri bat sortu da. Letxuga/Timotes izeneko programa batekin, kontsumo kooperatiba edo talde baten kudeaketa errazagoa egin daiteke. Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko datuak kudeatu, produktuen katalogoa mantendu, erosketa otarrak kontrolatu… Ohikoak diren beste zenbait lan errazteko pentsatua dago software hau.

Kontsumo taldeek ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzenago bat bilatzen dute distribuzio zirkuitu motzagoak eginez eta beraz energia aurreztuz. Hori lortzeko beste bide batzuk domotika bidezko kontrola erabiliz gure energia gastua eta erabilera hobetzea da. Ildo horretan OpenDomo proiektua oso interesgarria da.

Proiektu honek instalazioen kontrolerako sistema libre, ziur, inteligente eta erraza da. Bereziki prestatua automatismoetarako, domotikarako eta energia efizientzia bilatzeko. Etxearen funtzio ezberdinak kontrolatzeko balio du, argien, pertsianen, ureztatze sistemen eta abarren kontrola. Webgunean instalazio hauetako batzuk egiteko pausoz pausoko dokumentazioa ikusteko aukera izango duzue.

Noski horretarako elektrizitatea ere beharrezkoa da, baina horretarako ere proposamen interesgarriak sortzen hasi dira. Gure inguruan zabaltzen hasi den bat Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatiba.

Avv3VgACEAAQhGd.jpg:large
Goiener eraketa
Goiener

Beraien helburua iturri berriztagarrietan ekoiztutako energia azken erabiltzaileei saltzea da. Horretarako orain, zertifikaturiko energia berdea erosi eta kooperatibako bazkideei saltzen diete. Etorkizunean energia berriztagarria sortzeko proiektuak martxan jartzeko bideak aztertuko dituzte eta bazkideek horretan ekarpenak egiteko aukera izango dute.

[box type=”info”]Artikulu hau Gaur8 astekarian publikatu da.[/box]

Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]