Post-PC aroa

post_pc_aroa_tabletak_mugikorrak_eramangarriak
Egilea: Statista | Lizentzia: cc-by-sa

Aholkularitza enpresa handiek lau haizeetara zabaldu dute mantra berria: «Post-PC aroan sartu gara». IDC eta Gartnerrek horrela azaldu dute. Ordenagailu arrunten salmentak beheraka doaz, eta tabletak eta sakelako aurreratuenak, berriz, gora.

Inork zalantzan jarriko ez dituen datuak dirudite, baina ez da horrela. Alde batetik, ez dago hain argi ordenagailuen salmentak gutxitu direnik. Industriak esperotakotik behera saldu direla bai, baina hortik aurrera… Batzuetan aurreikuspenak eta errealitatea ez datoz bat, eta kontuz ibili behar dugu horrekin. Datuetan sakondu gabe ere, argi dago zerbait gertatzen ari dela.

Kontsumorako gailuetara bideratzen ari gara asko, eta horrek ez du zertan txarra izan. Denbora guztian eta edozein tokitan gaudela ere, konektatzeko aukera dugu orain. Nolabait, behar berri bat sortu dugu: kontsumorako gailuen beharra. Rol hori betetzen dute gure sakelakoek eta tabletek.

Esan ohi dugu ordenagailu txiki bat daramagula poltsikoetan, baina hori gezurra da. Gauza asko egin daitezke sakelako edo tableta batekin, beste gailu askorekin egin ezin direnak. Halere, sorkuntzara baino gehiago kontsumora bideratutako zerbait da.

Kontrako adibide asko aurki diezaiokezue baieztapen horri. Argi dago jendeak gauza askotarako erabiltzen dituela gailu horiek. Sortu duten aplikazioen ekosistemak, interfaze eta abstrakzio ukiezinak, idazteko sarrera gailuen mugak… ez dute laguntzen askoz gehiago sakontzeko aukera.

Bereziki kezkatzen nau hezkuntzan gailu hauen erabilera ezinbestekoa egin beharra. Badirudi tabletak bereziki modan jartzen ari direla arlo batzuetan. Kontsumorako gailu baten beharra balego, nahikoa litzateke sakelakoa erabiltzea nire ustez. Beste zerbait beharko balitz, berriz, ordenagailu eramangarri bat gomendatuko nuke nik.

Ordenagailu eramangarriak tableten funtzioak bete ditzake, baita gauza askoz gehiago ere. Familiei zerbait erostera behartu behar bazaie, ezin du sormenari mugak jartzen dizkion gailu bat izan. Beharrezkoa litzateke, gainera, erosi ezin dutenei bat uztea edo laguntzak ematea.

Gure eskoletan tabletak sartzea Interneteko edukiari esker lausotzen ari zen editorialen kontrol absolutua berreskuratzeko bektorea izan daiteke; erabaki garrantzitsua, beraz.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]