NSA eta CIAko langile ohi batek Interneteko segurtasuna auzitan jarri du. NSAren espioitza proiektuak argitara emateak mundu mailako eskandalua eragin du. Snowden kasuak ezer onik ekarri badigu, segurtasuna eta pribatutasuna puri-purian jartzea izan da. Gaia ahoz aho ari da zabaltzen, eta, informazio jario horrek, Interneteko errealitatetik gertuago kokatzen gaitu.
Internet botere lehiarako beste eremu bat da. Botere/estatu ezberdinek kapital izugarriak inbertitzen dituzte Interneteko trafikoa gero eta gehiago kontrolatu ahal izateko. Egunero erabiltzen ditugun zerbitzuak ere lan horretan laguntzen ari dira. Snowdenen informazioaren arabera, Google, Apple, Microsoft, Yahoo… Enpresa horiek guztiek beraien zerbitzuetan atzeko ateak irekitzen dituzte espioitza programa hauetarako, guri buruzko informazio iturri zuzena izan dezaten. Interneten aske eta anonimo nabigatzeak prezio altua dauka. Gure egunerokotasunean ia ezinezkoa da praktika hori. Erabiltzen ditugun zerbitzu gehienek ez dituzte anonimotasuna eta pribatutasuna errespetatzen.
Baina, hala ere, Interneten badaude oraindik anonimotasunerako zirrikituak. Horietako zirrikitu askok ez dute erabateko segurtasunik ematen, baina beharrezkoak dira: gobernu desberdinen kontrola saihesteko, informazio sekretua filtratzeko, disidentzia politikoa antolatzeko…
Interneten anonimotasuna lortzeko tresnetako bat Tor sarea da. Tor sareak Internetera egiten ditugun eskaerak nodo askoren artean ausaz errebotatzen ditu. Modu horretan, gure ordenagailutik Naiz.info webgunea ikusi nahi badugu, Tor sareak ausazko salto desberdinak egingo ditu, mundu osoan banatuak dauden Tor nodoetatik. Bat-batean, errebotatzeari utzi eta munduko ausazko puntu batetik Naiz.info webgunera eskaria egingo du, eta gero, webguneko informazioa Tor saretik pasa ondoren gure ordenagailura iritsiko da. Tor sareak ez du erabateko anonimotasuna ematen, baina beste segurtasun neurri batzuekin batera nahikoa izan daiteke egin behar dugun jardueraren arabera.
Tor sarea 2002. urtean jaio zen eta AEBetan, Alemanian, Italian, Frantzian eta Espainian erabiltzen da batez ere. Orain arte 500.000 erabiltzailek erabiltzen zuten, baina azken hilabetean ezusteko nabarmena gertatu da. Hilabete eskasean sarea bost aldiz handiagoa egin da. Gaur egun 2500.000 erabiltzailek osatzen dute sarea eta oraindik ere joera goranzkoa dela dirudi. Harrigarria da gorakada horrekin sareak oraindik ere zutik jarraitzeko gaitasuna izatea, baina, erabiltzaile bazarete, nabarmena da ere izan duen abiadura beherakada. Teorian, gero eta erabiltzaile gehiago, orduan eta anonimotasun handiagoa lortzen da sarean. Baina Tor sarearen funtzionamenduari erreparatzen badiogu, horrek ez du zertan hala izan.
Tor sarean sartzeko erabiltzen dugun lehen nodoak gure informazioa dauka. Beharrezkoa du gurekin kontaktuan jartzeko. Baina ez hori bakarrik, sarearen azken nodoak badaki nora egin dugun eskaera. Nodo horiek erabat neutralak badira, ez dugu arazorik izango, baina botere/estatu batek nodo horien gaineko kontrola badu, Tor sarean gertatzen dena monitorizatu ahal izango luke. Sare guztia monitorizatzea oso zaila litzateke, baina, AEBetako Itsas Armadako ikerketa zentroak esan berri duenaren arabera, nodo batzuk kontrolatzearekin, denbora kontua da erabiltzaile jakin baten inguruko informazioa eskuratzea.
Hori guztia kontuan hartuta, etsaien baten asmo ilunetan ez pentsatzea ezinezkoa egiten da. Gero eta erabiltzaile gehiago badugu, orduan eta trafiko pilaketa gehiago sortzen dira, eta trafiko pilaketa horietan nodo azkarrenek bideratzen dute informazio gehiena. Jakina da, gainera, FBI, NSA eta antzerako agentziek Tor sareetan sarrera eta irteerako nodoak erabiltzen dituztela.
Tor proiektuko arduradunek ez dute argi oraindik erabiltzaile igoera ikusgarriaren atzean zer dagoen. Errusian indarrean jarri den lege anti pirata izan daiteke arrazoietako bat. The Pirate Bayk ateratako Pirate Browser tresna da aipatu duten beste arrazoi posibleetako bat. Baina datuak aztertu ondoren ez dirudi horiek direnik arrazoi nagusiak. Tor tresna garrantzitsua da baina kontu handiz erabili beharrekoa, orain, inoiz baino gehiago
[box type=”info”]Artikulu hau Gaur8 astekarian publikatu da.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:
[related_posts limit=”4″ image=”100″]