Janzteko teknologiak aurrera egingo duen urtea izango da aurtengoa, baina, ziurrenik, gailu horiek oraindik asko aldatu beharko dute erabilgarri izateko. Googleren betaurrekoen aurkezpenak dena azkartu du, eta ondotik etorri diren beste batzuek jarraitu diote bideari.
Arropan edo gure soinean eraman ditzakegun konektaturiko ordenagailu txikien afera ez da berria, baina orain errealitate bihur daiteke. Esperimentatzeko aukera Rasperry Pi bezalako ordenagailu libre, merke eta txikiek ireki dute. Sortutako ezagutza hori baliatzeko enpresa teknologikoek beste tresna komertzialagoak proposatuko dizkigute orain bide beretik.
Hala ere, lehen belaunaldiko tresna horiek —Google Glass-ak eta erloju adimendunak— ez dakit lortuko duten jendarteko barrera psikologikoa apurtzea. Uste dut oraindik gure eguneroko bizitzarekin harreman handiagoa duten gailuak behar direla, baina oker egon naiteke.
Aldiz, egunero erabiltzen ditugun tresnetan edo tokietan erabiliko diren gailu txikiek ekar dezakete teknologia horien gorakada. Horrela pentsatzen du Intelek ere, eta buru-belarri sartu da negozio honetan.
CES 2014 kongresuan aurkeztu dituzten gauzen artean bi dira, nire ustez, nabarmentzeko modukoak. Lehena, Jarvis izeneko audiofono adimenduna. Bigarrena, Edison izeneko SD txartel tamainako ordenagailu txikia.
Jarvisek, era inteligente batean, gure belarrira zuzenean eskatzen dizkiogun komandoak exekutatzeko gaitasuna du. Informazio bat eskatu, eta, Siri edo Google Now bezalako agente inteligenteek egiten duten modura, informazio hori zuzenean emango digu belarrira.
Edisonekin, existitzen diren gauzei nolabaiteko «inteligentzia» gehitzeko aukera izango dugu. Wifi bidez komunika gaitezke horren bidez, eta barnean duen Linux sistemari esker programagarria izango da. Arropatan edo edozein objektutan txertatuta, aukera berriak ematen dizkio gailu txiki horrek.
Denbora hartuko du, baina teknologia horiek guztiak jendartean txertatuko dira; gure eguneroko bizitzarekin lotutakoak badira, errazago. Hori bai, teknologia berrien hedapen prozesuetan gertatzen diren desorekak ikusteke daude. Are gehiago, gailu horiek dituzten eta ez dituztenen artean sor daitezkeen desberdintasunak inoizko handienetarikoak izan daitezkeelako.
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:
[related_posts limit=”4″ image=”100″]