Telebistak Smart TBaren bidea hartu zutenetik sarera konektatzeko aukera ematen du, baina ez du lortu espero zen arrakasta. Gauza askoren artean, teknologia aukeraketaren estandarizazio faltagatik. Benetako erabilera egunero ikus-entzunezko edukiak ikusteko erabiltzen ditugun, zerbitzu eta programak telebistan era erosoan ikusteko aukera dugunean gertatuko da era masiboan.
Gazteek jada bidea markatzen dute, ohiko telebista beraien erabilera arruntetik desagertzen da. YouTube, Series.ly eta antzeko zerbitzu eta programa askoren artean igarotzen duen beren ikus-entzunezko erabilera, horietako asko sakelakoan.
Bi munduak elkar lotzen ari diren tresnak agertu dira orduan, sakelakotik Interneteko ohiko edukiak telebistako pantailara bidali eta kudeatzeko aukera ematen dutenak, horietan ezagunena Chromecast. Gailua etxeko wifira konektatzen da eta telebistako HDMI konektorean sartuta, wifi horretara konektatutako edozein gailutik pantailara gauzak bidal ditzakegu.
Gero eta gehiago dira gainera, Chromecast erabiltzeko prestatuta dauden zerbitzu eta programak: YouTube, Filmin, Wuaki. tv, VLC, Popcorn Time… Aukera ematen ez dutenek beti dute gailuko pantaila osoa eta audioa bidaltzeko aukera, soluzio hoberena erabilgarria ez bada ere. Gure sakelako edo ordenagailuak telebista baten urruneko kontrol bihurtzen ditugu honela.
Chromecast ez da era honetako tresna bakarra. Machstick ere sortuko dute. Android sistema eragilea erabili beharrean Firefox OS sistema eragilea darabilena. Lortu ahal izateko auzolaguntza kanpaina bat jarri dute abian Kickstarter atariaren bidez. Kanpaina arrakasta izugarria izaten ari da, eskatzen zituzten 100.000 dolarrak, hirukoiztu egin dituzte eta.
Orain arteko gailuek zituzten desabantaila nabarien aurrean (zerbitzu gutxien eskaintza, eduki batzuk ikusteko muga geografikoen eragina, konfiguratzeko zenbait muga…) mugarik gabeko alternatiba izan nahi du, benetan librea izango den maila bereko gailu bat eskainiz.
Internetera konektatutako milaka gauza amesten zituztenek beraien ametsa egi bihurtuta ikusiko dutela dirudi; hori guztia, beste gauza asko bezala, sakelakoaren bidez kontrolatuta izango bada ere.
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]