Teknologiek komunikatzeko eta parte hartzeko aukera ematen dutela egunero entzuten dugu, baina erabakiak hartzeko garaian oraindik ere ez dute orokorrean bide errazegirik ematen. Azken finean, ideia asko edo informazio asko sailkatu, klasifikatu, filtratu behar denean hori konpontzeko algoritmoak ditugu. Horiek eta pertsonen arteko nolabaiteko elkarrekintzak erabakitzen du emaitza.
Google eta beste bilatzaileek, bakoitzak bere algoritmoekin egunero erabakitzen dute egiten dugun bilaketaren lehen postuan zein joango den. Gero eta gutxiago dakigu, informazioa nola jasoko dugun baldintzatzea lortzen duen tresna honetaz. Badakigun arren gutako bakoitzak webgune bati lotura egitean edota sare sozialetan banatzean algoritmo horretan eragiten ari garrela.
Informazio agregatzaileak izan daitezke beste adibide batzuk, hor daude reddit.com, meneame.com, niagarank.es edo sustatu.com-en automatikoa ere. Bakoitzak bere algoritmoen bidez, zer den «garrantzitsuena» edo adierazgarria bilatzean saiatzen dira.
Informazioari dagokionez beraz badira era asko filtro automatiko eta masiboak ezartzeko, honek ekar ditzakeen arazoekin bada ere. Komunikatzeaz edo informazioa eskuratzeaz baino pertsona askoren artean erabakiak hartzea bada kontua, hau da eskasia egoera bat sortzen bada, zailtasun handiak izaten dira. Nola adostu ideia eta planteamenduen artean zein den hoberena? Galdera mugatuak egin daitezkeenean zein galdera eta nola den egokiena? Era horretarako askoren arteko erabakiak hartzen laguntzeko appgree.com bezalako aplikazioak daude.
Sakelekoetarako (iOS eta Android) aplikazio honen bidez, ideia edo galdera asko proposatu eta bozka daitezke. Horretarako, algoritmo estatistiko bat erabiltzen du, non ideia bakoitzarentzat jende multzo handi batetik ausaz zenbait aukeratzen ditu eta horrela bakoitzak ideia bat bozkatu. Horrela suposatzen da, ausaz aukeratutako lagin horrek esaten duena, oso gertu egongo dela jende multzo handiak pentsatzen duenetik. Findu daiteke gainera erronda ezberdinetan.
Algoritmoa onartu edo ez, arazo erreal bati aurre egiten dion proposamen irudimentsua. Gran Hermano-n bozkatzeko bezala, Podemos edo EH Bilduren bilkuretan erabili daitekeena.
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]