Mozilla Firefoxek hamar urte bete dituen honetan, web askeago baten alde egindako ekarpena aitortu behar diogu. Bada aldiz, bere sorrera eta bilakaeran gauza interesgarri asko, historia gisa ikusi bainoago, irakaspena izan daitezkeenak.
Orain dela hamabost urte atzera, bi nabigatzaile nagusi zeuden lehian: Internet Explorer eta Netscape Navigator. Joan eta etorri askoren ostean, Microsoft Windowsekin batera instalatuta ekartzen hasi zirenean, Netscaperen nabigatzailearen beherakada izugarria izan zen.
Buelta asko eman ondoren, azkenean Netscapek —AOL erraldoiak erosia— amore eman zuen. Enpresak, orduan, garapen lerroan zuen Mozilla izeneko nabigatzaile bertsio berria software libre bezala askatzea erabaki zuen. Gero, Mozilla Fundazioa sortu zen, nabigatzaile horren garapenean laguntzeko eta berau mantentzeko intentzioarekin, baina baita web libreago baten aldarria eta sozializazioaren alde ere.
Amaitzeko, proiektu berriaren inguruan eta fundazioaren laguntzaz, komunitate oso bat eraikitzen dute. Garatzaile, diseinatzaile eta milaka lan ezberdin egiten dituzten norbanakoz osatuta. Hiru gertakari hauek fase gisa identifikatuko bagenitu:
1. gertakaria: enpresak sortutako ezagutza propioa libre egitea erabakitzen du.
2. gertakaria: askatutakoaren izaera librea etorkizunean ere bermatzeko, babes erakunde sozial bat eratzen da.
3. gertakaria: proiektuan lan egin, berau zabaldu eta babestuko duen komunitate bat osatu.
Ekuazio honetan, aurre-gertakari bat ere badago: merkatuko lehian, enpresa pribatu baten proiektuaren lur jotzea. Hori al da bide horri ekiteko era bakarra? Zergatik abiatu proiektu baten porrot batetik? Benetako porrota izan zen?
Hobeto ulertzeko, beste gertakari bat ere gehi genezake ekuaziora: nabigatzaile hura Mozilla Firefox izenarekin bueltatu zen. Komunitatearekin batera, fundazioaren babespean eta software librea izanik, Internet Explorer gainditu zuen, eta bigarren nabigatzaile erabiliena da egun.
Merkatu arauak aplikatuta ere, ezagutza librea; babes erakunde soziala; komunitatea hirukoteak, askatasunari uko egin gabe, lehiatzeko gaitasuna izan lezakeela erakutsi du. Ziur eredu baliagarria izan daitekeela beste alorretan ere.
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]