Astelehenean, IKT arloan zuzenbidetik datozen erronkei buruzko hitzaldi bat entzun nuen. Biantik kooperatibako Jon Turrillasek eman zuen. Bertan, zuzenbideko gaien zailtasuna kontuan hartuta, oso erraz azaldu zuen Jabetza Intelektual Legearen erreforma berriak izango dituen eraginak. Aste honetan, zenbait ikus entzunezko webguneetan izandako eraginagatik, askoren ahotan izan da azken egunetan.
Lehen eragina, «AEDE (Espainiako Egunkarien Editore Elkartea) kanona» edo «Google tasa» martxan jartzea izango da. Informazioa era publikoan komunikatzen denean, eta batez ere eransgarri gisa Interneten eskaintzen duten zerbitzuen kanona da. Horrelakoak dira albiste eta informazioei lotura egiten dieten Google News edo Meneame.net bezalako atariak. Beraz, erabaki horiek hartzen zituen jabetza intelektualaren 2. sekzioari indar handiagoa ematen zaio horrekin.
Bigarrena: kopia pribatua asko mugatuko da. Legez erositako eduki bat kopiatzeko eskubideari eragingo dio. Erabilera guztiz pribatua izan beharko da, ez komertziala. Legez erositako euskarri bat duzula justifikatuz. Telebistatik egindako bideo grabazioak onartzen dira, saltzen ez badira edo hedapen publikorik egiten ez bada, baina zinema batean egindakoak debekatuak daude.
Azkenik, oraingo erreforma honekin, arau-hauslearen figura zabalduko da. Edukiak ez legaletara estekak jartzea ere lege apurketa bat ekarriko du, orain arte ez bezala. Webgune baten jabea adi egon beharko da, nahikoa izango baita salaketa e-mail baten bitartez egitea. Aldi berean, hemendik aurrera, webgune batean esteka ilegalak birritan aurkitzen badira, eta eskaera bati ez ikusiarena edo ezezkoarena egiten bazaio, 600.000 eurorainoko isunak jarri ahalko zaizkio erabiltzaileari.
Webgune batzuk, nahiz eta legedia 2015eko urtarrilaren batean jarriko den martxan, jada SeriesPepito, PeliculasPepito, Series.ly eta beste batzuk bertan behera utzi dituzte.
Ikusteko dago zein eragin izango duen benetan, baina adibidez Creative Commons lizentzia duten edukiak izanik ere, AEDEk kanona kobratu ahalko duen zalantzan dago. Interneteko berezko izaera eta zentzu komunaren aurka doazen legedi murriztaile horiek noiz arte onartuko ditugu ezer egin gabe?
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]