Egunerokoan software librea diren tresna asko erabiltzen ditugu Talaios Kooperatiban. Honenbestez, kodea eskuratzeko aukera dugu eta gure hobekuntzak gehitzeko aukera dugu eta horretan aritzen gara. Euskarazko itzulpena egitea edo osatzea izan daiteke hobekuntza bat. Itzulpen hauek norbanakoek egiten dituzte normalean, baina gu bezalako enpresek ere gure aletxoa jartzen dugu eta tresnen itzulpenetan ere parte hartzen dugu.
Hala ere, tresna horien itzulpenetan parte hartzeko ez duzu informatikaria izan beharrik. Izan ere, oro har, aldaketak ez dira kodean bertan egiten. Hizkuntzen lokalizazioa eta itzulpenak kudeatzeko kanpo tresnak erabiltzen dira. Hauek dira adibide batzuk: weblate.org, transifex.com, crowdin.com…
Itzulpen tresna horietan hizkuntza aukeratu eta, bertan dagoen komunitatearekin batera, itzultzen hasi zaitezke. Kontutan izan, zenbait kasutan zure itzulpena berrikusketaren zain geratuko da. Izan ere, erabiltzaile berri orori ezin zaio itzulpenak (nahita) gaizki egiteko aukera eman.
Edonola ere, tartetxo bat duzunean tresnak euskarara itzultzeko prest bazaude eta euskarari ekarpena egin nahi badiozu, oso gustura hartuko zaituztete tresna horren euskal itzultzaileek komunitatean.
Itzultzen hasi nahi baduzu, irakurri Librezale.org elkartearen estilo liburua eta hona hemen zenbait tresnen euskarazko itzulpenak egiteko tokia.
- WordPress Core
- WordPress plugins
- WordPress themes
- Nextcloud
- Moodle
- Matomo
- Passbolt
- Gogocarto
- Uptime Kuma
- Mastodon
- PixelFed
- Odoo
- Odoo oca
- Gitlab-EE: itzulpen hizkuntzen artean euskara ez dagoen arren, eskaera egin zuten urtarrilean.
- Penpot
- K9mail
- Scratch
- NocoDB