Komunikazio banatura bidean

«Gauez beren adimeneko errekamara txundigarrietan amesten dutenak egunez esnatzen dira dena harropuzkeria zela konturatzeko, baina esnaturik amesten dutenak arriskutsuak dira, beren ametsak posible izan daitezen, begiak erne gauzatzen baitituzte»

TE Lawrence
TE Lawrence eta arabiar iraultza [Wikimedia Commons]

TALAIOS kooperatiba sortu genuenetik, komunikazio estrategia modu banatuan garatzea izan da gure helburua, eta ekimen askotan lortu dugu horrela izatea, beste batzuetan ez. Argi dugu, Internet eta bertako tresna askoren logika birzentralizatzaileak gure estrategian eragin handia izan duela, eta gure asmoak Interneteko korporazio metatzaileen estrategien baitan dantzan izan ditugula.

Uztailan egin genuen Batzar Orokorrean komunikazio estrategiari dagozkion bi erabaki hartu genituen: Lehenik, Komunikazio Lan-taldea birsortu eta gure barne egituran behar duen indarrarekin kokatzea. Bigarrenik, fedibertsoaren aldeko apustua berretsi eta praktikan jartzea. Kontuan izan behar da gure kooperatiban komunikazioa ez dela inoiz lan-eremu espezializatua izan, uste dugulako langile guztiok izan behar dugula komunikazio ikuspegia barneratua, eta denok txertatu behar ditugula komunikazio ekintzak gure lanetan. Esatea erraza da, egitea ez horrenbeste. hala ere hamar urte hauetan horrela antolatu gara. Orain kooperatibak beste dimentsio bat hartu du, handitu eta konplexuagoa bihurtu da, eta erabaki errazena komunikazioa zentralizatu eta espezializaziora jotzea izango litzake. Ez dugu bide hori hartuko.

Bide banatua aukeratu dugu, eta estrategia garatuko duen lan-taldea sortu dugu kooperatibaren antolaketan komunikazio hariak murgilduz. Eguneroko praktika kooperatiboa eta kideok sortzen dugun ezagutza korpusa izango dira komunikazioaren muina, ezagutza librearen metaketan oinarritua, webgune honi orain arte izan ez duen zentralitatea emango diogularik. WordPressek ematen dizkigun tresna aurreratuenekin, Software Librean garatutako komunikazio tresnak sortuko ditugu, jokoari eta esperimentazioari tokia utziz. Gure ekintzen eta ezagutzaren zabalpenerako, orain arte bezala, hurbil ditugun hedabideei denbora eskainiko diegu, eta gure edukiak han eta hemen aurkituko dituzue. Edukien zabalpenerako berriz, tresna anitzak erabiliko baditugu ere, fedibertsoa erdigunean izango duen estrategia garatzen joango gara.

Talaiosen ernamuina izan zen Bakalhau sarearen garaietatik dugu fedibertsoarekin harremana, orduan izen hau ez bazuen ere, eta blogen sustapena helburu zuen Blogsoviet Status sarea erabiltzen hasi ginen. Ondoren Mastodon.eus instantziaren sorreran parte hartu genuen, eta azken urtean Fedibersoa jardunaldien antolaketan parte hartu ondoren, Talaios kooperatibaren Fedibertsorako Estrategia Banatua pentsatzen hasi gara. Lan ederra izango da barrura begira, baina nahi genuke egiten duguna bestelako enpresa, elkarte eta erakunde publikoentzat baliagarria izatea. Espero dugu Ekonomia Sozial Eraldatzaileko erakundeetan ere bide oparoa izatea.

Hasteko, eta estrategia pentsatzea praktikarekin uztartzeko, Badalaben fedibertsoaren jardunaldian Marcel Costa eta Rita Barrachinak aipatu eta proposatu zizkiguten 3 arau gure egitea erabaki dugu (teknopataren txokoan ederki azalduta):

  1. Sare sozial komertzialen promoziorik ez dugu egingo.
  2. Sare sozial komertzialetan eduki esklusiborik ez dugu argitaratuko.
  3. Sare sozial komertzialetan ez dugu ordainduko edukia argitaratzeagatik.

Beraz erabili bai, baina hiru arau hauek kontutan izanda, gure komunikazio estrategian sare sozial komertzialekiko dependentzia murrizten joango gara, eta fedibertsoko estrategia propioarekin, komunikazio banatura bidea egiten jarraituko dugu.

[Informazio gehiago jasotzeko, jarraitu Talaios webgunea eta gure fedibertsoko tresnak]