Oporretan, aireportuan, International Herald Tribune —The New York Times egunkariaren edizio globala— irakurtzeko aukera izan dut. Bertan, Interneteko erasoetan jarritako arretak harritu nau; Internet guda esparru bihurtzen jarraitzeko informazio estrategia planifikatu baten ondorio ez ote den zalantza egiteraino.
Bi albiste, eta biak espazio nahikorekin: «’The Prince of Spam’ at the center of web inquiry» eta «Hackers focus on destruction in new wave of cyberatacks». Lehena, Spanhaus spam-a saihesten saiatzen den erakunde eztabaidagarriak jasandako erasoari buruzkoa, eta bigarrrena, ustez eraso informatiko antolatu berrien izaera txikitzaileari buruzkoa.
Bietan, albistearen egitura da deigarriena. Lehenik, alarma pizten saiatzen dira: lehen albistean, era horretako erasorik handiena izan dela nabarmenduz; bigarrenean, erasoak espioitza edo iruzurretik txikiziora igaro direla azpimarratzen dute.
Ondoren, protagonistak aurkezten dituzte, eta erasotzaile eta biktimak argitu. Ustezko erasotzaileei espero zitekeen baino botere gehiago aitortzen diete, alde batetik, baina, aldi berean, mespretxuzko adierazpenak erabiltzen dituzten haiekin. Lehen albisteko protagonista Sven Olaf Kamphuis spam-aren printze gisa aurkezten dute. Bigarren kasuan, Izz ad-Din al-Qassam Cyber Fighters brigada omen dena.
Horren ondoren, erasoaren atzean ustezko erasotzaile horiei tiraka egon daitezkeen interesekin espekulatzen dute, iritzia eta informazioa nahaspilatuz. Lehen kasuan, Wikileaks eta ziber ekintzaile taldeak sartzen dituzte. Bigarren kasuan, Ipar Korea eta Iran nabarmentzen dituzte erasoen atzeko «esku beltz» moduan. Bigarren mailan bada ere, Txina ere aipatzen dute.
Amaitzeko, berriro ere etorkizunean gerta daitezkeen erasoei buruzko alarma pizten saiatzen dira. Sinesgarritasun handiagoaren bila, lehen pertsona erabiltzen dute, elkarrizketatu baten hitzak kakotxen artean sartuz. Lehen kasuan, erasotzaileek finantzaketa nahikoa eta ezagutza teknikoak badituztela azpimarratzen dute, etorkizunean beste eraso bat egiteko erraztasuna izan dezaketela nabarmentzeko. Bigarrenean, erasotzaileek erabakiak nola hartzen dituzten ez dakitela diote, etorkizuneko erasoak noiznahi eta nonahi izan daitezkeela nabarmentzeko.
Nahiko argi, ezta?
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:
[related_posts limit=”4″ image=”100″]