Amazoom

amazon
Egilea: Akira Ohgaki | Lizentzia: cc-by-sa

Amazonek Washington Post egunkari ezaguna erosi du. Jeff Bezos zuzendariak, Steve Jobs hil dela edo aprobetxatuz enpresa handietako CEO-en arteko onena izan nahi duela dirudi, baina zer dago mugimendu honen atzean? Zer da Amazon?

Amazon-ek azken urteetan bere negozioa den komertzio elektronikoa irauli du. Liburuetatik hasi eta beste mila gauza saltzera pasatu da enpresa. Komertzio elektronikoan lehenengoetarikoa izateak aukera handiak ireki dizkio enpresari eta bere nagusitasuna inposatzeko aukera izan du.

Honek, noski, beste zenbait arlotan eragina izan du eta Amazonen nagusitasunak eta egiteko era berriak arazoak sortu ditu. AEBetan 10.000 lanposturen galera eragin duela kalkulatu izan dute zenbaitzuek. Gehienak liburutegi independente eta txikietakoak.

AEBetan ez ezik Europan ere antzeko zerbait gertatzen ari dela edo gertatuko dela deritzote askok. Horregatik, zenbait herrialdetan neurriak eta laguntzak ezartzen ari dira, nolabait Amazonek sor dezakeen eragina lausotzeko. Britainia Handian eta batez ere Frantzian era honetako neurriak ezartzen hasi dira. Espainian, aldiz, oraindik ez dago argi zein neurri hartuko diren, baina editoreen gremioa presionatzen ari da jada.

Argi dago editore eta editorialen munduan gauzak berritu behar direla. Espainian eta Frantzian ere antzekoa da, liburuen prezioa oso neurtuta dago, ezin dira liburuak edozein preziotan saldu egoera berezitan ez bada. Printzipioz txikientzako defentsa bat izan daitekeena, kasu askotan arazo bihurtzen da, saldu ezin dituzten liburuak saltzeko aukerak galduz adibidez.

Gremio horrek dituen berrikuntzen beharraz haratago, Amazonek berarekin lehiatzeko arazo handiak sortzen ditu, eskalara jokatzen baitu oraindik. Komertzio elektronikorako enpresa honek banku, banatzaile eta azpiegitura beharrezkoen funtzioak ere baditu. Horrek kostuak murriztu eta beharrezko bitartekari bihurtzen du askorentzat. Ziur nago Euskal Herriko denda askok ere bezeroek eskatutako produktuak Amazon bidez erosi dituztela berriro ere saltzeko.

Lanpostuen galera aipatzen denean ere kontuz ibili behar dugu, baina ziur lanpostuetan eragina baduela. Hori bai, Amazonek komunikazio lana ondo egiten du, azkenaldian adibidez bolo-bolo dabil Amazonek 7.000 lanpostu sortuko dituen albistea.

Langile horien soldata “ona” izaten omen dela dioenik badago ere, informazio askok adierazten duten bezala, baina, langileen egoera ez da oso ona izaten. Biltegi askotan, sistema telematiko oso kontrolatuak erabiltzen dituzte, egunaren bukaeran langile bakoitzak bere produktibitate informeak jasotzeraino. Neurri horiek kontuan hartuta, biltegietan behintzat langileak baino errobotak behar dituztela dirudi.

Bada oraindik beste alor bat Amazon garrantzitsu baino ezinbesteko bihurtu duena. Beretzat erabiltzen zituen azpiegitura teknologiko asko handitu eta saltzen ditu orain. Arlo horretan Amazonek ez du ia areriorik. AEBetako gobernuak zenbait kasutan bereak baino hobeagoak diren azpiegitura hauek erabiltzeraino.

Washington Post-en erosketa era askotara uler daiteke, baina gogoratu beharko dugu, lehenik, egunkari hori bankuena zela, etengabeko zorra medio. Erosketaren atzean Amazonen negozioarekin erabat bateragarriak diren banaketa, komunikazio beharrak, salmenta puntuen hedapena eta informazioaren mundu digitaleko beste merkatu batzuetan esperimentatzea dago.

Amazonen aurrean oraindik badira aukerak: berezitasuna, txikitasunak, gertutasunak, teknologien merkatzea, DRMrik gabeko produktuak… Amazonek ondo egiten badu, besteok hobeto egin beharko.

[box type=”info”]Artikulu hau Gaur8 astekarian publikatu da.[/box]

Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]