Bizitza jokoan

Joko bihur daiteke edozer? Edozer beharbada ez, baina jokoen bidez sortzen den atxikimendua izugarria dela argi dago, eta horrek asko balio du. Hainbeste da horren balioa, ezen munduko enpresa eta erakunde asko gamification deiturikoari garrantzi handia ematen hasi dira. Gamification terminoa jokoen teoriak eta mekanikak jokoetatik kanpoko arloetara aplikatzean datza. Estrategia argia da, jokoek dituzten zenbait baliabide erabili jendea erakartzeko eta atxikitzeko.

Joko guztiek dituzte arauen bidez eta ezarritako beharrezko oztopoen bidez, beti lortu nahi izaten da ondo pasatzea, plazera sentitzea, parte hartzea sustatzea eta konpromezua adieraztea. Horretarako, hainbat estrategia daude. Gehien erabiliak: gauzak bilatzea, puntuak, sailkapenak, mailak eta erantzuna. Estrategia horiek guztiak oso indartsuak dira, eta gauza askotarako balio dezakete. Enpresa handi ezagunek ere baliatzen dituzte atxikimendua lortu ahal izateko; Nike, BBVA, Pepsi… Asko hasir dira estrategia horiek erabiltzen, markak indartzeko.

Interneteko sare sozialetan Foursquare izan daiteke teoria horiek hoberen ilustratzen dituena. Hor ibiltzen garen tokietatik joan, eta mezu bat argitaratzean joko batean parte hartzen egongo bagina bezala da. Beste batzuek egindakoa ikusten dugu, sariak jasotzen ditugu edota aukera berriak irekitzen zaizkigu (zozketak, deskontuak, aipamenak…).

gamification

Hala ere, joko teoria gamification estrategietatik harago doa. Informatikan eta ekonomian, adibidez, oso kontuan hartzen dira era horretako teoriak. Horregatik, informatikari askorentzat ez da berria; etika hacker-a, adibidez, horretan dago oinarritua. Bizitza erronka bat da, eta erronkaz erronka aurrera egin, oztopoak gaindituz lortzen da satisfakzioa. Batzuetan, besteen errekonozimenduagatik, baina beste batzuetan lan bat berriro errepikatu behar ez izanak eramaten du hacker bat bere interes propioagatik zerbait gainditzera.

Konbentzimenduz aurrera egiten dutenek, beharbada, ez dute estrategia horien beharrik, baina beste askoren atxikimendua bilatzeko baliagarri izan daitezke. Khan Academyk, adibidez, hezkuntzarako baliatzen ditu, baina zergatik ez bizitza bera joko bat bihurtu? Irudika ezazue une batez gizartea hobetzen lagun dezakeen joko bat, zergatik ez?

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]

Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]