Ordaintzen ez baduzu, produktua zeu zarelako soilik da. Esaldi hori famatu egin da, gaur egun erabiltzen ditugun milaka doaneko zerbitzuek, gure datuetatik probetxua ateratzeko duten erraztasunari erreferentzia eginaz. Facebook-ek datu horiek baliatzeaz gain, orain jakin da, bere erabiltzaileetako batzuekin esperimentu bat abiatu zuela 2012. urtean. Aste batez, 689.003 erabiltzaileren mezu jarioa moldatu zuen Facebookek. Ausaz aukeratutako horien mezuetan, mezu positiboak eta negatiboak gehiagotan erakutsi zizkieten bi talde ezberdinei. Esperimentuaren bidez, pertsonen arteko emozioak Interneten ere kutsatzen direla frogatu nahi zuten eta bide batez produktua hobetzeko ideiak lortu.
Era honetako ikerketak egiteko, normalean unibertsitateek datu bilduma anonimoak baliatzen dituzte. Aurreko hamarkadetan datu horiek eskas samarrak baziren, orain gero eta errazago da datuak lortu eta horiek aztertzea. Alde horretatik, ikerketarako datuen beharraren garrantzia azpimarratu nahi dut, gauza on bezala. Hori bai, alde handia dago hori eta Facebookek gauzatu duen bideratutako esperimentuarekin.
Gertatu denagatik harritzea ere harrigarria da. Facebookek hasieratik beren erabilpen baldintzetan datuen erabilera hauek barne hartzen ditu eta beraz ez gintuzke harritu beharko. Eztabaida daiteke, kanpoko unibertsitate eta agenteen parte hartzea, baina ez da batere harrigarria.
Esperimentua ere ez da beste munduko ezer. Egunero gertatzen zaigun fenomeno bat, Interneten ere bere isla duela besterik ez du frogatzen. Nahigabe esperimentuan parte hartu dutenentzako ere oharkabean pasako zen, beraientzako eragin handiegirik gabe seguruenik. Azken batean, Facebookeko albiste jariotik iristen den mezu kantitatea oso handia da, irakur ditzakegunak baino mezu gutxiago edo gehiago jasotzearen kaltea ez dut uste handia izango denik. Zerbaitek larritu behar bagaitu era honetako zerbitzuek dituzten datuak edozein moduan eta oharkabean erabiltzeko aukera da. Esperimentu bat izan dena, askoz ere larriagoa izan zitekeen. Operazio psikologikoak ez dira berriak, baina hori ahalbidetzen zuten datuetara atzitzeko aukera zutenen kopurua murritza zen. Hau, berriro gerta daiteke; berriro gertatuko da; egunero gertatzen da.
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]