Mugitzen ari garen seinale

800px-Tesla_Roadster_Japanese_display
Egilea: cytech | Lizentzia: cc-by

Gama altuko kotxe elektrikoak saltzen dituen Tesla enpresa albiste izan da bere kotxe elektrikoaren zenbait patente erabilpen librerako askatzeagatik. Kotxe elektrikoen merkatua oraindik txikia da, kotxe arruntekin alderatuz gero, baina bera da erreferente garrantzitsuenetako bat.

Teknologiak duen berritasunaz gain, ohiko kotxe industria, kontzesionario eta petrolioarekin lotutako industriek jarritako trabak handiak dira, aurrean duen etsaia handia da alegia. Hori ikusita, Teslak bere konpetentzia izan daitezken beste kotxe elektrikoekin lehian egon arren, bere patenteak askatzea erabaki du.

Helburua argia da, kotxe elektrikoentzako merkatua, aurretik dagoen ohiko kotxeen parkearen ordezkapenetik etorriko da. Patenteak edozeinek erabiltzeko aukerarekin, kotxe elektrikoen adopzioa azkartu nahi du eta aldi berean erreferente bilakatu. Hori lortuta, ondoren zerbitzuak, piezak, ezagutza, hobekuntzak… eskaini ahalko dizkie beren patenteak erabiliko dituzten guztiei.

Komunikazioan eragin positiboa izatea ere lortu du. Jendearen aurrean berrikuntza irekiaren aldeko eta patenteen erabilgarritasunaren kontrako irudia emateko aukera ematen diolako.

Mugimenduari gehiegizko balioa eman diotenak eta gutxiesten dutenak ere badira. Aitortu behar da, behintzat, apustua interesgarria badela. Beti sartzen dira interesak jokoan, baina baliabideak denon esku jartzen direnean, interes horiek jokoan sartzen badira ere, jokoa ere irekitzen da. Patenteak urteetan berrikuntzak erregistratzeko eta horiek ziurtatzeko helburu eta neurgailu izan dira. Orain aldiz, Tesla bezalako enpresek ere, patenteak, kasu askotan berrikuntzaren kalterako direla adieraztea oso garrantzitsua izan da. Ez dira bakarrak, baina berrikuntza sustatzeko tresnak direnak, aurkako helburua lortu dezaketela oso adierazgarria da.

Tesla izena, Nikola Tesla asmatzaile, ingeniari elektriko, ingeniari mekaniko, fisikari eta futuristatik dator. Nikola, korronte alternoaren asmatzailea izan zen eta doako elektrizitatea guztiontzat izateko aukerarekin sinetsita zegoen. Berak ekarritako korronte alternoko motorrak adibidez, bigarren industrial iraultzan murgildu gintuen. Urrun dago gertakaria, Nikolak ekarritako lorpenetatik, baina pauso bat da, mugitzen ari garen seinale.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]