Ekonomiaren egoera dela, eta batzuek krisiaren aitzakia erabiliz, normalitatearekin ikusten ditugu jendarteari proposatutako murrizketa neurriak. Horien aurrean erresistentzia estrategiaz gain ez da proposamen askorik egiten, baina han eta hemen badira martxan jartzen ari diren proposamen txikiak, eta bakoitzak bere ingurunean ere ikusten ditugu edo bururatzen zaizkigu zenbait irtenbide.
Erakunde batek gure iritzia eskatu eta hauek dira proposatu genizkien hiru ideia labur, beti ere teknologiaren prismatik, baina baita hortik haratago ere.
1.Indikadoreak eta neurri eskalak
Indikadoreak oso garrantzitsuak dira jendarte baten garapena eta batez ere berau osatzen duten pertsonen ongizatea neurtzeko. Hauetako batzuk BPGa kasu, ez dituzte ezaugarri horiek ondo neurtzen laguntzen. BPGak adibidez gizartearen aberastasunaren media kalkulatzen du, izan daitezkeen ezberdintasunak kontutan hartu gabe.
Ondorioz, erabiltzen diren indikadoreek, eta batez ere hauekin egindako interpretazioek, ideologia gordetzen dute bere baitan. BPGa kontutan hartuz, gure ekonomia eskala makroan besteekin konparatzen dugu, baina jendartearen egituraketa, aberastasuna, ongizatea… kontutan hartu gabe. Bai, segur aski BPG altu bat duten herriek errazago izango dute faktore horietan ere goian egotea, baina ez du zertan.
Gizarte batek berdintasuna, zoriontasuna, gizarte garapena… kontutan hartu nahi baditu neurgailuak ere garrantzitsua dira. Badira gauza horietako batzuk neurtzen laguntzeko beste era bateko indikadoreak:
- GINI indizea: Gini koefizientea aberastasunaren banaketa (edo metaketa) neurtzeko indize bat da.
- HPI: HPI indizeak bizitza kalitatea, zoriontasuna eta jasangarritasuna neurtzen du. Hiru parametroz dago osatua: bizitza itxaropena, jasotako ongizatea, aztarna ekologikoa.
- GPI: GPI Nazio Batuen Garapenarako Programak sortutako neurketa berezia da. Hiru parametroz osatuta dago: Bizitza luzea eta osasungarria, hezkuntza, bizitza maila egokia.
Neurri konkretuak ezartzeko indikadoreez gain neurgailu eskala sinpleak ere sor ditzakegu. Sailkapen sinple batekin nahikoa izan daiteke behintzat erabakiak nondik-nora hartu nahi diren zehazteko. Lehentasunak definitu beharko lirateke eta noski, behar ekonomikoen araberako sailkapen bat egin.
Arlo teknologikoa hartuz, eskualde baten beharretan softwareak ekonomian izan dezakeen eragina aztertuko bagenu adibidez, har daitezkeen neurrien sailkapen hau egin dezakegu: neurri integratzaileak, sozialak, lokalak eta komunalak.
Neurri integratzaileek, jendartearen teknologietara atzitzeko eskubide unibertsalak ziurtatu behar dute. Interneteko azpiegitura publikoak, software librearen hedapena, alfabetatze teknologiko orokorra… Izan daitezke neurrietako batzuk.
Bigarren mailan, neurri sozialak daude. Arazo ekonomikoak dituzten herritarrak laguntzeko bereziki sortutako zerbitzuak bideratzeko tresna teknologikoak izan daitezke hauek. Elkartrukea sustatzeko sareak edota lana topatzen laguntzeko jendarte sareak esate baterako.
Ondoren, neurri lokalak datoz. Hau da, herri edo eskualde horietako ekonomia lokala sustatzeko tresna teknologikoak. Merkataritza lokala sustatzeko zerbitzuak edota enpresa lokalen arteko hartu-eman sareak eraikitzen laguntzeko zerbitzuak adibidez.
Amaitzeko, aurrera begira ere aukera gehiago sortzeko proiektuak ziurtatuko dituzten neurri komunalak. Proiektuak gauzatzeko baliabide teknologikoak eta teknologia enpresa sareak sustatzeko laguntzak adibidez hemen kokatu beharko lirateke. Beti ere, sortuko diren egiturak izaera komunala badute.
Neurri eskala horietatik kanpo gelditzen dira neurri pribatuak. Hau da, interes pribatu hutsak sustatzeko laguntza bideak. Erakunde publiko baten laguntzen artean, laguntza hauek mugatuak izan beharko lirateke beste mailak asetu bitartean. Hauek asetuta ere neurri komunalak ere neurri pribatu bezala uler daitezke. Bertako laguntzak maila pribatuan ere lagun dezakeelako, aberastasun komuna sortzen duten bitartean. Aberastasun hori ezagutza, baliabideak, ongizatea… izan daitekeelarik.
2012 | 2025 | |
Neurri komunalak | %10 | %40 |
Neurri lokalak | %20 | %30 |
Neurri sozialak | %30 | %20 |
Neurri integratzaileak | %40 | %10 |
Neurgailu eskala horiek indikadore egokien bidez parametrizatu eta neurtzeko bideak jarriz gero, etorkizunera begirako helburuak zehatz daitezke. Jendare justuago bat lortzen hasteko, maila bajuagoko neurrien behar erreala txikitzea lortu beharko genuke. Lehen urteetan behe mailako neurrietan egindako inbertsioak etorkizunean behar hori txikiagoa izatea ekarriko luke eta beraz goi mailako neurrietan inbertsio gehiago egin ahal izateko aukera.
2.Katalizatzaile teknologikoa
Edozein ekonomia erabakietan teknologiaren erabilera sustatzea beharrezko bezala ikusten da. Hori horrela bada ere teknologia txertatzeko bideak ez dira jartzen. Zergatik ez da orduan enpresetan eta jendartean teknologia hori txertatzen lagunduko duen ekinbide bat sortzen? Katalizatzaile teknologiko honen egin beharretako batzuk hauek izan daitezke.
- Ezagutzaren kudeaketa landu: Ezagutzaren kudeaketa egoki baten bidez ekinbide ekonomikoak errazago mantendu eta garatu daitezke. Tresna teknologikoak baliatuz, enpresetako ezagutza digitalizatu, metatu eta transmititzeko bideak definitzen lagun daiteke.
- Barne prozesuak eraginkorrago bihurtu: Enpresa batzuetan aurrera eramaten diren prozesuetan, eraginkortasuna hobetzeko teknologia txertatzeko bideak azter daitezke.
- Sareak eraikitzen lagundu: Entitate ezberdinen artean ezagutza, negozioak eta elkarlana sustatzeko sareak, teknologia bidez sortzen lagundu.
- Komertzializazio bide berriak landu: Teknologia baliatuz salmenta bide berriak landu eta inplementatzeko aukera aztertu.
Katalizatzaile teknologiko baten ekinbide zehatzago batzuk aldiz hauek:
- Ezagutza libreko baliabideak: Dokumentu modeloak, modelo ekonomikoak, dokumentazio txantiloiak…
- Software libreko baliabideak: Software librean oinarritutako produktuak sortu eta egokienak bildu.
- Azpiegitura teknologikoak: Enpresen behar teknologikoak asetzeko azpiegiturak.
- Aholkularitza teknikoa: Erabaki teknologikoak hartzen laguntzeko aholkularitza.
- Bilgunea: Elkarrekin harremanetan jartzen laguntzeko tresnak.
3.Ekintzailetasun ereduak eta ekintzailetasun komunitarioa
Jende askoren ustetan ekintzailetasuna sustatzea da krisitik ateratzeko bidea. Aspertzeraino zabaltzen saiatu diren mezuak, baditu hertz ugari. Hala ere, egia da enpresa berriak behar izango direla; aurreko egoerara bueltatuko garela uste duenak jai du.
Ekintzailetasuna sustatu nahi duen edozein erakundek erabakiak hartzeko garaian jarraitu beharreko modeloa aztertu behar du. Sortu nahi den hori lortu ahal izateko ekosistema egoki bat behar izaten da eta hori sortzeko eskemak ere mila. Eskema orokor bat baliatuz, ekintzailetasun ekosistema batek behar dituen faktore minimoak izan daitezkeenak ikusi eta ondoren zenbait ideia konkreturekin beteko ditugu.
Modelo orokorrean hiru bloke ikus daitezke. Lehena medioa (jendartea + merkatua), bideratzaileak (politikak + modeloa), katalizatzaileak (laguntzak + espazioak).
Medioa
- Jendartea: Pertsonek hauen kultura eta baloreak, pertsonen arteko harremanak eta hauek bideratzeko sortutako erakundeek osatzen dute.
- Merkatua: Jendarteko pertsona, enpresa eta erakundeek trukea egiteko erabiltzen dituzten sistema, erakunde, prozedura, azpiegitura eta gizarte harremanek osatzen dute.
Bideratzaileak
- Politikak: Lortu nahi den ekintzailetasun eredua lortzeko politikak, batez ere orain arteko ereduak eraldatzera bideratuak.
- Modeloak: Lortu nahi den ekintzailetasun eredu berriak sortzeko modeloak, batez ere sortuko diren ekimen berriak bideratzeko.
Katalizatzaileak
- Laguntzak: Lortu nahi den ekintzailetasun eredua lortzeko laguntzak, batez ere orain arteko ereduetan eraldadatzeko katalizatzaile
- Espazioak: Lortu nahi den ekintzailetasun eredu berriak sortzeko espazioak, batez ere sortuko diren ekimen berriak sortzeko katalizatzaile.
Ekintzailetasun komunitarioa
Ekintzailetasun komunitarioak komunitatea du oinarri. Ekintzaile komunitarioa sustatu nahi duen ekintzailetasun eredu batek ondorioz, medio zehatz batetik abiatuz bideratzaile eta katalizatzaile egokien bidez komunitate ekonomiko berriak sortzea du helburu.
Medioari dagokionez, komunitate horiek jendartearekiko izan behar duten atxikimendua adierazteko, jendartea merkatuaren gainetik jarri behar da. Ekimen berriek jendartearekiko atxikimendua beren biziraupenerako zein merkatu berriak topatzeko garrantzitsuak dira. Hala ere, merkatua ere errealitate den garaietan muzin egitea ezinezkoa da eta beraz ekimen berriek kontutan hartu beharreko gauza garrantzitsuenetako bat izan behar du.
Beste alorretan hauek izan daitezke kontutan hartzeko eredu edo adibide batzuk:
- Politikak: Olatukoop sustapena
- Modeloak: Konpainia komunitarioak
- Laguntzak: Konpainia komunitarioen haztegia
- Espazioak: Hacker Space lokalizatuak
Bizi dugun egoera honetatik abiatuz etorkizun hobeak eta justuagoak eraikitzeko tresna propioak behar ditugu. Tresna hauek gainera eskala txikitik eskala handira begiratuz eraikitzen baditugu, komunitate ekonomiko berriak sortuz eta jendartearen beharrei erantzunez, bidea egiteko oinarri sendoa izango dugu. Ideiak eta adibideak badira, baina orain hauek sustatu eta sendotuko dituen ingurunea behar da.