Ekuadorea

Iturria: Floksociety.org | Lizentzia: cc-by-sa
Iturria: Floksociety.org | Lizentzia: cc-by-sa

Software librearen aldeko hitzak egin dituzten estatu eta botere publikoak asko dira, baina errealitatean aldaketa sakonak egin dituztenak, gutxi. Horietako beste bat izan zitekeen Ekuadorko Gobernua ere, baina ez da horrela izaten ari. Ekuadorko Gobernua erabaki sendoak ematen ari da sofware librea jendartean txertatzeko.

Rafael Correa presidenteak 2007an software librea erabiltzeko mezu tinkoa zabaldu zuenetik , ekimen asko egin dituzte.

Funtzionarioen ordenagailu askok OpenOffice erabiltzen dute orain, baita Zimbra posta elektronikoa kudeatzeko zerbitzua ere. GNU/Linux ere instalatu dute Asanblea Nazionalaren ordenagailu gehienetan; hasieran OpenSuse eta orain Ubuntu. Urrunago ere joan nahi izan dute, eta bozketa sistemak kontrolatzeko eta gobernu eztabaiden kudeaketarako eCurul sistema erabiltzen dute.

Erabaki estrategiko bat da, eta hainbat puntutan laburbiltzen du bikain Ximena Amoroso, Ekuadorko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza idazkariordeak:

Komunitateak egindakoa da, era horizontal, kooperatibo eta gardenean garatzen da; balio gehigarria du; erabilpenari mugak ezartzen dizkioten beste ereduen aurrean tokiko ekonomia sustatzen du, mantentzea gertuko enpresekin aurrera eraman daitekeelako; subiranotasun teknologikoan aurrera egiteko ezinbestekoa, neokolonialismo teknologikoaren aurrean autonomia eskuratzeko. Eraldaketarako tresna estrategikoa da, eraldaketa sozial edo produktibo benetako batek beharrezko duen kohesio soziala lortzeko hizkuntza, kultura eta irisgarritasuna kontutan hartzen baititu.

Ezagutza eta software librean oinarritutako jendarte bat osatzeko oinarriak badaudela erakusten digu Ekuadorrek. Software librean ez ezik, adorea ez zaie falta herrialde honetako agintariei. Ekuador da Amerika osoan ezagutza libre eta irekian osatutako jendarte eredu berri batean lan egiten ari den bakarra.

Orain arte baliabide teknologikoen alorrean gutxien garatu diren tokietan agertu dira horrelakoak. Ekuadorrera begira egon beharrean nahiago nuke gureari buruz hitz egin, baina batzuetan ikasgaiak beste toki batzuetatik datoz.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]