Gaitasun kontua

Egilea: Irune Agirre | Lizentzia: cc-by-sa
Egilea: Irune Agirre | Lizentzia: cc-by-sa

Albiste ona dirudi PISA txostenak Euskal Herriko ikasleei eginiko azterketaren emaitzak. Gertuko panorama beldurgarriarekin alderatuz gero, pozgarria ere izan daiteke. Hainbeste eraso jasaten dituen D ereduak ingurukoenak baino maila hobea ematen duela behintzat esateko.

Laudorioak hor bukatzen dira, asko baitago egiteko. Lehenik eta behin, OCDE erakunde ekonomiko honen rola ezabatzea. Zein da hezkuntzarekin lotura zuzenik ez duen erakunde batek bidea markatzeko arrazoia? Pertsonak lan-merkatuko baliabide modura bakarrik ikusteak justifika dezake hori.

Arlo ekonomikotik begiratu nahi izanez gero, halere, badago zer begiratu. Baliabide ekonomikoek asko baldintzatzen baitute hezkuntza. Bilatuz gero, korrelazio zuzenak aurkituko ditugu pertsonako hezkuntzarako inbertitzen den diru kopuruaren eta emaitzen artean.

PISAri kritika egiteaz gainera, konpetentzia edo gaitasunen eztabaida mardulagoa da. Pertsonek behar ditugun konpetentziak gero eta aldakorragoak dira. Berez, horrela beharko luke, pertsona oso batek bere garapenerako horixe behar baitu.

Dudarik gabe, gaitasun horien artean teknologikoak ere egon behar dute. Bide horretan, bada bidea markatzen ari direnak, horien artean Mozilla eta bere Web Literacy Standard adibidez.

Popcorn, Thimble eta X-Ray Goggles tresnen bidez, bideo edizio erraza egin, webgune edizio hastapenak ikasi eta webguneen egiturak lan daitezke. Oso baliabide errazak dira ikasi eta irakasteko, baina ez dira tresnetan gelditzen. Horiekin batera, gaitasun horiek lantzeko laguntza ere ematen dute, ikertu, eraiki, konektatu, hiru blokeetan banaturik. Oraindik ez dago euskaraz, baina, beharbada, hau irakurtzean zuetako norbaitek itzuliko du.

PISAren datuekin gora eta behera egon beharrean, interesgarriagoa ikusten dut nik eredu propio bat lantzen hastea. Hemen aipatu ditudan gaitasunak eta beste asko landuko dituen eredu bat. Noizean behin neurgailuak beharko ditugu, bai, baina neurgailu horiek lortu nahi dugunaren araberakoak izan beharko dute. Zer lortu nahi dugu, baina?

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]