Ez da teknologia…

1024px-Auklet_flock_Shumagins_1986
Egilea: D. Dibenski | Lizentzia: domeinu publikoa

Aspaldi irakurri nuen Steven Johnsonen Emergence: The Connected Lives of Ants, Brains, Cities and Software liburua, baina azken gertakari askok berriz irakurtzera eraman naute. Liburuan emergentziaren kontzeptua lantzen du inurriak, garunak, hiriak eta softwarea bezalako adibideen bidez. Emergentzia, elementuak bateratuz, sistemaren propietateak elementuen propietateetatik eratorri ezin daitezkeen sistemak sortzeko moduari deritzo.

Liburuan adibide asko daude, baina horien artean lohi-lizun organismoarena dago. Lohi-lizunak, kondizio txarrak (hotza eta hezetasuna) daudenean, organismo zelulabakar independenteen modura jokatzen du, baina, kondizioak hobetzean, agregazio prozesuak abiatzen ditu, eta sistemak osatu. Arraroa badirudi ere, jarrera horretan ez dago bidea markatzen duen goitik beherako elementu jakintsuagorik; behetik gorako prozesuen bidez gertatzen da.

Emergentziak arau sinple batzuei jarraitzen die. Azkena eta garrantzitsuena, beharbada, bizilagunekin harremana izatearen garrantzia. Ondoriozta daiteke ondoan daudenekin elkarrekintzan egoteak kontaktu gehiago sortuko duela elementu ezberdinen artean. Horrek, sistema informazio lokaletatik abiatuz, jarrera global bat izatera bultzatuko du, baldin eta masa kritikoa badago.

Horrela, inurriek koloniak sortzen dituzten bezala, hiriek auzoak sortzen dituzte, adibidez; baina fenomenoak ez du mugarik. Internet eta teknologia batzuen laguntzaz, elkarrekintza horiek errazago egiten ditugu, eta, beraz, komunikazioa edota politika ere horien bidez aztertzen hasi behar dugu.

Azken hauteskundeetako Podemos alderdiaren emaitza edota aste honetako Can Vies zentro soziala hustearen ondorioz sortutako liskarrak emergentzia fenomenoak dira. Elementuak bakarturik aztertuz, ez genuke inoiz fenomeno osoa ulertuko. Hau da, Pablo Iglesiasen figuran bakarrik zentratuz eta gizartean izandako aurrekariek sortutako sareak alboratuz, ezin dugu ulertu; Can Vies beste zentro sozial okupatu bat bezala ikusita eta Sants auzoan hortik abiatutako dinamikek duten garrantziaz jabetu gabe ezer uler daitekeen bezala.

Era horretako fenomenoak aurreikustea zaila bada ere, gertatzen direnean ondo ulertzen da emergentziaren indarra. Horregatik, gizartea gako horietan ere aztertzen saiatzea beharrezkoa dugu, teknologiek hartzen duten paperetik harago.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]