Firefox OSen keinua

ZTE Open and Firefox OS
Egilea: robpegoraro  | Lizentzia: cc-by-nc-sa

Informatikari Euskaldunen Bilkuraren 2013ko jardunaldia izan da Donostiako Miramonen. Aurtengoa informatikaren eta sakelakoen inguruan izan da, eta 250 pertsona baino gehiago elkartu gara.

Euskarak gai hauetan publikorik erakartzeko gaitasunik ez duela ezeztatzeko balio izan du. Sortutako interesa erabatekoa izan da, eserleku guztiak betetzeraino, eta, hara bildutakoek erakutsi duten bezala, gaitasuna ere sobera dago gure artean.

Bereziki, Julen Ruizen hitzaldia izan da interesgarria. Firefox OS sakelakoentzako sistema eragileari buruzko informazioa eman digu. Azken asteetan, Firefox OS albiste izan da, garatzaileentzako sakelakoak lortzeko aukera eman duelako.

Hala ere, hortik harago ere joan da Julenen hitzaldi erradikala. Erradikala, bai, baina ez bortitza edo bat-batekoa izategatik, baizik eta errora joan delako. Sakelakoen ekosistemetan aplikazioa erroa dela sinetsarazi nahi badigute ere, erroa weba dela nabarmendu du. Horixe da, Firefox OS-ek proposatzen duena. Denok ezagutzen ditugun teknologia estandar horiek oinarritzat hartuta sakelakoentzako ekosistema irekiak sortzerik badagoela.

Errora ez ezik, sustraietara ere jo du Julenek, kasu honetan Mozilla komunitatea aipatzeko. Mozilla proiektua aurrera eraman duen komunitate globala baita proiektu honen bultzatzailea. Komunitatearen garrantzia azpimarratu nahi izan du, baina baita bere misioa ere, «gailua edo kokapena edozein dela ere, edozeinek atzi dezakeen weba sortzen laguntzea».

Sakelakoen aplikazioen eta Webaren arteko lotura zalantzan jarriko duenik izango da, baina Firefox OSen mezua argia da, eta Mozillaren misioarekin erabat bat dator. Aplikazioak baztertu behar ez diren aukera bat dira, baina ez da amaitu behar aplikazioen bidez webak ekarritako oparotasuna. Julenek esaldi batekin azpimarratu zuen: «Benetan natiboa weba da».

Ez dakit Firefox OSek arrakasta izango duen, baina ez ninduke harrituko urte pare batean %10-15eko merkatu kuota lortzea. Oraindik ere , egongo da esango duenik ez dela nahikoa gauzak aldatzeko, baina Ernaieko gazteek beren webgunea itxi ondoren ireki duten blogean esan bezala, keinu batekin hasten da dena.
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]

Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]