‘Hacker’ etika eta estetika

Hacker-cultura
Egilea: Hugo Baronti  | Lizentzia: cc-by-sa

Etika eta estetika arteko eztabaida sakona izan ohi da; teknologiaren alorrean ez da, halere, ohiko eztabaida izaten. Berritzaileak edota iraultzaileak diren jarrera, proiektu edo izaeren ondoan, askotan horren senide biki maltzurra ag ertu ohi da. Estetikaz jantzi, eta diskurtsoaren parte bat lapurtuz bere interesak bakarrik defendatzeko.

Sare sozialen analistak eta aholkulariak maiz ikusten dira aditu tituluarekin. Haien kontuetara joan, eta erdi hutsik daudela ikusteak ez omen digu informazio nahiko ematen gezur argiari buruz. Hala ere, hori ez da loa kentzeko modukoa, egia esateko; marketinaren munduan bizi gara, eta esango nuke, gainera, inor ez gaudela bekatu horretaz salbu. Gehiago arduratzen nau mereziko luketen batzuek inoiz jarriko ez duten hitza izateak. Aditu titulua jarri ez, baina errekonozimendu publiko bat egingo balitzaie behintzat…

Ekologia, kultura, mugimendu alternatiboak estetikaren eta etikaren arteko eztabaida horietan galtzaile izan dira maiz. Zapi palestinarrak arropa kateetan erostea, berdeak diren produktu prefabrikatuak, hippyak (edo hipster-ak) omen diren neokontserbadore kulturalak… Kontuz, zapi palestinar bat arropa kate batean erosteak ez du haren izaera aldarrikatzailea galtzen horregatik (hobe produkzio industrialean beharko bagenitu), baizik eta janzten duen horrek zentzu horrekin janzten ez duelako baizik.

Aipatutako adibideek estetika erabiltzen dute jarrera bat etikaz edo ideologiaz husteko. Teknologiaren alorrean, orain gauza antzekoak gertatzen ari dira P2P eta ondasun komunen inguruan. Jende askok estetikoki erabiltzen ditu beren interesetarako bakarrik. Bi hitz horiek beren baitan duten logika eraldatzailea da, baina prototipo eternoetan, inongo inpakturik ez duten ekinbideetan, gezurrezko proiektuetan… desagerrarazten dituzte, inoren kritika jaso gabe.

Hurrengo moda hacker kulturaren estetika lapurtzea izan daiteke. Hala ere, ez zait askorik interesatzen horrek, hacker kulturak ekarritako hacker etika da salbatu eta zabalduko nukeena, batez ere irakaskuntzan. Hori lortzeko planteamendu estetiko bat egitea ere praktika polita irudituko litzaidake. Zergatik ez, etika oinarritzat hartuta, planteamendu estetiko bat proposatu jende berria erakartzeko? Beharbada, kolore beltz tradizionala ez da egokiena, baina, tira, moda kontuetan ez naiz oso fina. Proposamen irekia, beraz.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]

Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]