Ilusioa ardatz

IMG_20131031_141250
Egilea: Gorka Julio | Lizentzia: cc-by-sa

Dublingo WebSummit Europako teknologia ekitaldi garrantzitsuena omen den honetan nago astebukaeran. Bertan, Blog on Brands euskal kooperatiba txiki batek egindako zerbitzua erakusleiho bat izateko hautatua izan da. Gure kooperatibarekin harreman paregabea duenez, berarekin joan gara.

Ekitaldian 4-5 gune, jateko leku erraldoi bat, erakusleihoentzako bi gela handi… Azpiegitura itzela eta antolakuntza ere izugarria, wifia gaizki ibili bada ere. Google, Facebook, Amazon, Cisco, Microsoft eta halako enpresa handiak bertan ziren; gutxi ziren falta zirenak.

Hala ere, nire ustez, Haritz Rodriguez Blog on Brandsen sortzailea eta halako jendea izan da garrantzitsuena. Alpha deituriko erakusleihoetako jende horrek ilusioa pizten zuen bere egitasmoa aurkezten zuenean. Ekitaldi erraldoi eta guztiz merkantilizatu baten barnean ere, begirada ezberdin bat.

Beste begirada bat, hacktibistagoa dudarik gabe, izango da Sestaoko Txirbilenean azaroaren 1, 2 eta 3an egingo den hackmeeting-ean. Hackmeeting-a urtero egiten den topaketa doanekoa, askea eta autogestionatua da. Teknologia berrien, horien inplikazio sozialak, jakintza eta tekniken hedapen askea, pribatutasuna, sorkuntza kolektiboa, gatazka telematikoa… eta halako gaiak jorratzen ditu topaketak.

Aurtengo ekitaldiak Hack Garaiak izena hartu du. Labe garaiek eta haien eraispenak ekarritako gatazkei egindako keinu bat, dudarik gabe, baina oraingo garaiak hack garaiak direla pasioz gogoratzeko ere balio behar duena.

Ondoren, Durangoko Azoka etorriko da, eta hor ere teknologiak bere lekeu izango du Kabian. Durangoko Azokan, liburuak eta diskoak bakarrik nabarmentzeari utzi eta azken urteetan nabaritu den kultur plazaren ideia gauzatze bidean, teknologiak dagokion lekua izango du.

Ekitaldiaren atal gehienak jendearen parte hartzearekin sortu dira. Euskara eta teknologia ardatz, hezkuntzari, garapenari, komunitateari eta enpresei tartea eman nahian, batez ere. Webgunean ikus daitezkeen proiektu batzuk ikusita, ziur hau ere pasioz eta ilusioz josia izango dela.

Hiru ekitaldi, guztiz ezberdinak, baina denetan pasioak eta ilusioak beren tokia dute.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]