Iritsi da Kataluniarren ordua ere. Debeku baten ondorioz, beste bat etorri bada ere, proposatutako formula berriarekin aurrera jarraitzea erabaki dute guztiek. Beraz, Espainiak bere eraso judizialetik harago beste pauso batzuk ematen ez baditu azaroaren 9an bozketa egongo da.
Ziur Euskal Herriko hedabideek ondo jasoko dutela Katalunian gertatuko dena. Hala ere, bertatik jarraitzeko hiru erreferentzia komunikatibo interesgarri zuekin partekatzea interesgarri iruditu zait.
Batzuk zaharrak izan arren, bidea ireki zutenak; beste batzuk aktibismotik zerbitzu profesional bat ematerako pausoa eman dutenak, eta, beste batzuk, aldiz, sakontasuna, autonomia eta zentzu kritikoa landu nahi duten eredu kooperatibo berriak. Lehena, vilaweb.cat da, Kataluniako hedabide digital interesgarrienetakoa. Vicent Partal kazetari ezagunaren gidaritzan urteak igaro ditu sarearen potentziala baliatuz eta bertan bidea irekitzen. Garai onak eta txarrak ezagutu ditu atariak, baina beti mantendu du beste batzuek ezin izan duten sinesgarritasuna eta kazetaritza onaren itxura.
Bigarrena, directa.cat hedabide digital eta paperezkoa da. Mugimendu sozialetatik eta kontrainformazio inguruko jendetik abiatu zen hedabidea da. Azken urteetan pauso handiak eman ditu, militantzia eta profesionalizazioaren arteko borrokan. Harpidedunei esker aurrera egin du, eta gero eta produktu txukunagoa eskaintzen ari da. Internet eta sare sozialetan ez ezik, paperean ere erreferentzia bihurtu da.
Azkenik, sortu berri den elcritic.cat ikerketa kazetaritzan espezializatutako hedabide berri bat. Ekonomia, politika eta jendarte gaiak jorratzen dituzte, baita analisiak, iritziak eta elkarrizketak ere. Paperean ere aritzen dira, sakonago.
Zentzu kritikoa landu nahi omen du apustu honek ere harpidetza bidea du diru iturri garrantzitsuena. Ekimenaren egiturak ere badu berezitasun bat, berau osatzen duten kazetari independenteen kooperatiba batek sustatzen baitu. Ez da lehenengoa, ezta azkena ere izango, komunikazio esparru tradizionalenen krisiak hauspotuta beharbada, baina ideia baliagarria izan daiteke beste askorentzat. Sare sozialetan ere jarraitu ahal izango dugu eguna, baina hiru erreferentzia horiek merezi dutela uste dut. Kontuan izan.
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]